AGURNE JULDAIN ETA PAULE-MINTZANET BERE AHOTAN

Agurne Juldain, bidelaguna: “Nola ez diot ba lagunduko maite dudan hizkuntza ikasi edo praktikatu nahi duen pertsona bati!”

Psikologoa da lanbidez Agurne Juldain Alcalde (1979), eta Caritas elkarteak herrian duen Bidean Heziketa Zentro Okupazionaleko arduraduna da. Bazterkerian dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea du helburu, baita hizkuntzaren alorrean ere. Hala, ama izan berritan, Arrasaten euskara sustatzeko taldeetako partaidetza pixka bat alboratu beharrean ikusi zuen bere burua, baina Mintzaneti buruz egunkarian irakurrita online ere lagun zezakeela konturatu zen.

“Euskara nire hizkuntza da. Maite dudan nire bizitzako zati oso garrantzitsua. Nirea den zerbait, nirekin dagoena jaio nintzenetik. Harro nago euskalduna naizelako eta harro nire hizkuntza munduan ezagutarazteagatik. Ahalegintzen naiz edonon nagoela nire lehen hitza euskaraz izan dadin, nahiz eta ondoren beste hizkuntza batera pasa beharra ulertu ahal izateko”, aitortu digu bidelagunak.

Horregatik, izena eman eta Getxoko zein Argentinako erabiltzaile banarekin elkartu genuen. Lehenengoari bere helburua lortzen lagundu zion arrasatearrak, eta bukatutzat eman zituzten saioak. Orain, aldiz, Buenos Airesen bizi den Sebastian Amayarekin jarduten du larunbatero, eta gustura dago: “Nola ez diot ba lagunduko maite dudan hizkuntza ikasi edo praktikatu nahi duen beste pertsona bati!”

Mintzakideek, iaz, aurrez aurre ezagutu zuten elkar, Sebastian Lazkaoko Maizpide Euskaltegian egoiliar (enkontruari buruz, hemen) izan baitzen Etxepare Institutuaren Euskara Munduan programaren baitan: “Gure bazterrak ezagutu eta euskara gehiago ikastera etorri da Euskal Herrira. Oso pozik nago orain arte Skypetik ezagututako Sebastian aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dudalako”.

Mintzaneten parte hartzea oso erraza eta erosoa dela dio arrasatearrak: “Garrantzitsua da beste pertsonarekin harreman erosoa izatea saioak ere erosoak izateko. Norberak jartzen ditu bere mugak eta erritmoak”. Gaineratu du: “Betidanik maitatu izan dut Argentina. Kasualitatea izan da Mintzanetek bertako pertsona bat nire bidean jarri izana! Eskerrik asko!”

Eskerrik asko zuri, Agurne!

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude