Agurtzane Arakama (Beasain, 1970) Lazkaon bizi da eta administraria da. Lagun baten bidez izan zuen Mintzaneten berri eta pentsatu ere egin gabe eman zuen izena: “Oso proiektu ona iruditzen zait, etxetik mugitu gabe egin dezakezu eta oso gutxirekin asko lagundu daitekeela uste dut”.
Agurtzanek Angela Colomo (Zaragoza, 1977) bidelariari laguntzen dio euskara praktikatzen eta astean behin ordubeteko saioak egiten dituzte. “Eguna finkatzen dugu, baina bietakoren batek ezin badu, aldatu egiten dugu. Ez dugu ezer prestatzen, eguneroko gauzei buruz hitz egiten dugu”, kontatu digu.
Bidelaria eta bidelaguna oso ongi moldatzen dira: “Harremana oso ona da. Angela oso irekia da eta horrek asko errazten du guztia; jada lagunak gara”. Miresmen hitzak eskaini dizkio Agurtzanek Angelari: “Zaragozakoa da eta hiru urte daramatza euskara ikasten. Ikaragarrizko esfortzua egiten ari dela iruditzen zait eta hori baloratzen dut”.
Arakamarentzat euskara bere ama hizkuntza da, “sentimendu bat, barrutik ateratzen zaidan zerbait”. Mintzaneten parte hartzea gomendatuko luke, dudarik gabe: “Gutxi emanez asko jaso daiteke. Zer da astean ordu erdiko dedikazioa hizkuntza zoragarri honentzat?”. Gainera, jendea animatu nahi izan du, “lagun berriak egiteko bide bat delako eta asko jasotzen delako”. Irakasle izatea ez dela beharrezkoa azpimarratu digu, helburua euskaraz hitz egitea baita: “Bidelariek ikasi nahi badute, euskaltegira joaten dira”.