Ainara Maia-Mintzanet bere ahotan

Ainara Maia, bidelaguna: “Gaur egun Interneten ere eragin behar dela uste dut euskal gizartea euskalduntzeko”

Aspaldiko laguna dugu Ainara Maia irundarra. Urteak daramatza euskara praktikatu nahi dutenei laguntzen, eta horren erakusgarri da Bidelagun Onena izendatu genuela 2019ko Mintzanet Egunean. Iraganean  ‘Mintanet bere ahotan’ atalean parte hartu badu ere, bere esperientzia berritu nahi izan du gurekin:

“Irunen sortu nintzen duela jada 45 urte eta erdi. Euskal filologoa naiz eta euskara-irakasle eta itzultzaile aritu naiz batez ere, eta orain HABEko Curriculum Garapenaren teknikari nauzue. Gaztetan muturreraino lotsatia nintzen, hizki mutua deitzen zidaten eta konplexuz beteriko nerabezaro bakartia igaro nuen. Baina honaino iritsi naiz eta neure buruaz harro nago, asko aurreratu baitut, nahiz eta oraindik oso lotsatia izan (batzuetan kontrakoa dirudien arren). Nire afizio nagusia idaztea da aspalditik, eguneroko bat oparitu zidatenetik ene lehenengo jaunartzean, 9 urtekin. Zaletasun asko ditut eta horien artean argazkilaritza, antzerkia, literatura eta lagunekin nahiz familiarekin egotea.

Aspaldi izan nuen Mintzanet-en berri eta 2014tik naiz Mintzanet-kide. Ez dut gogoan nola jakin nuen, baina segur aski interneten nabigatzen ezagutuko nuen. Ene ametsa Euskal Herria berreuskalduntzea izan delako beti erabaki nuen egitasmoan izena ematea, Euskal Herri euskaldun bat izatea, eta horregatik parte hartu dut nire herriko mintzalagun-egitasmoetan, eta orain MINTZANETen: gaur egun interneten ere eragin behar delako euskal gizartea euskalduntzeko. Izan ere, Internet bidez biltzea erosoa da, telefono mugikorrez erraz egin baitaiteke.

Ene lehen bidelaria Argentinako Bego Tisera izan zen, bigarrena Sonia Gomez eta orain Egian bizi den Adolfo Gomezekin egiten ditut saioak, astean behin, ordubetez. Harreman ona dugu, eta dudarik gabe, mintzamena eta ulermena hobetu ditu mintzasaioei esker.

Bego Tisera Argentinan aurrez aurre aurkitzea oso hunkigarria izan zen, norbait ukigarria zela konturatu nintzelako. Lehen aldiz besarkada bat eman genion elkarri, eta negar egin genuen. Geroztik adiskidetasun polita dugu, neurri handi batean berari esker, oso atsegina eta hiztuna delako. Aurten, bere anaia poetaren olerki bat euskaratu dugu aurtengo 2022ko HATSAREN POESIA libururako, eta aberasgarria izan da”.

Eskerrik asko, Ainara, berriz ere zure esperientzia gurekin partekatzeko hartu duzun tarteagatik. Besarkada bat!

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude