Aitziber Gurutzeaga, Bagera – Donostiako Euskaltzaleen Elkartea. Mintzalagunak elkartzen 30 urtez
Aitziber Gurutzeaga Bagera elkartearen Mintzalaguna proiektuaren arduraduna da, aurten 30 urte beteko dituen mintzapraktika jarduera aitzindariarena. Euskaltegietako ikasleak bidelagunekin euskaraz hitz egiten jarri eta urtez urte areagotu egin da astero elkarrekin hitz egiteko elkartzen diren hiztunak. Bidelagunen laguntza eskergarriarekin, honetaz eta hartaz mintzatzen dira. Dokumental batean bildu dituzte urteotako anekdota, lorpen eta gogoetak, eta Mintzanetek, proiektuaren koordinatzailea jarri du hizketan, bere ohiko baikortasunarekin urte berezi honetarako dituzten planei buruz. Aurreratu dizkigu batzuk. Eta guk ere ospatuko dugu.
Bagerak dokumental labur bat egin du Mintzalaguna proiektuaren 30 urteak gogoratu eta ospatzeko. Bageratik nola bizi duzue urteurrena?
Oso berezia izaten ari da, izan ere, ikasturtean, ziurrenik aurreko ikasturteekin alderatuta, ohiko normaltasunera itzuli gara eta jendeak ospatzeko gogoa du. Bereziki egin dugun dokumentalean ikusi dugu, izan ere, taldeei talde argazkiak ateratzeko eskatu diegu eta erantzun ederra jaso dugu. Dokumental aurkezpen egunean ere txiki gelditu zitzaigun aretoa.
Zuk zeuk ere, urte mordo bat daramazu langintza honetan, zenbat?
25 urte daramat, 1997ko urrian hasi nintzen, AEKn irakasle lanak partekatuz. Hau nire 26. ikasturtea da. Nola aldatu diren gauzak denbora tarte horretan!
Jendea hizketan jartzeko, batetik eta bestearekin egon beharko zenuen agian?
Bai, euskaltegietara joanez, bagerakideei parte hartzeko eskatuz, elkarteetara joz…ate joka ibili gara eskaintza eginez batetik bestera. Hasierako urteak zailagoak ziren. Gaur egun berriz; adibidez euskaltegiekin hitzarmena dugu eta gelaz gela sartu irtena egiten dugu, ikasleei Mintzalaguna zer den azalduz. Zaila izaten da gaur egun oraindik praktikatu nahi duten horientzat bidelagun edo laguntzaileak topatzea, baina segitzen dugu ate joka.
Bidelagunak dira mintzapraktika proiektuen kezka nagusia gaur egun, hainbat buruhauste sortzen ditu horrek, baina Bageral jakin izan du horri buelta ematen… nola dakusazu egun?
Sorreran bi lagun aritzen ziren, bidelaguna (edo laguntzailea, euskaraz aritzeko ohitura duena) eta bidelaria (edo euskara praktikatu nahi duena), baina bidelagun premia zegoelako hiruko taldeak egiten hasi ginen, bi bidelarirekin. Gaur egun, laukoteak osatzen ditugu eta kasu gutxi batzuetan boskote eta seikoteak ere badira. Beti izaten da premia, eta kasurik okerrenean taldeak handitzen ditugu, baina jakinda praktikatzera datozenak gutxiago aprobetxatuko dutela denbora. Orain adibidez, bigarren izen ematea zabaldu dugu, baina oihartzun gehiegi eman gabe euskara ikasleen artean, izan ere, ezingo genioke behar bezala erantzun. Eta horrek etsipen puntu bat eragiten du. Hala ere, ahalegintzen segituko gara eta bidelagunak lortu ahala taldeak arindu eta bidelari gehiagorengana iritsiko gara.
Mintzodromoekin eman diogu hasiera gaurko egitarauari. Arratsaldean jarraituko dugu.
— Bagera Elkartea (@BAGERAelkartea) November 17, 2022
18:00 Musika eskolaren eskutik, musika eta dantza emanaldi herrikoia. 19:00 Ekitaldia. 19:30 Txapa jaztea eta jarraian MUGAN taldea. Animatu! #Donostia #Euskara #Euskaraldia @euskaraz pic.twitter.com/9ZqnRK4UCB
Mintzalagunen profil bat eman genuen ezagutzera Topaguneak, AEKk eta Mintzanetek batutako inkesta eta datuetatik, ez da horren ezberdina izango Donostian ere.
Oro har oso antzekoa da. Adin bataz bestea heldua da, 58 urtekoa da, baina bidelagunen kasuan handiagoa da, 64koa, izan ere, batzuk ekimena sortu zenetik ari dira parte hartzen eta urteak gora joan ahala, adin bataz bestekoak ere gora egiten du… jende asko jubilatzean hurbiltzen da gugana, orduan baitu denbora gehiago euskarari bere ekarpena egiteko. Gero eta gazte gutxiago etortzea normala da, izan ere, euskaraz egin dituzte ikasketak, nahiz eta gero erabilera datuek beste batzuk izan, hala ere, tarteka gazteak gugana etortzen dira erabilera herdoilduta dutelako.
Bestalde, oro har emakumezko gehiagok parte hartzen duen arren, bada aldea bidelagun eta bidelarien artean; bidelagunen kasuan, gizonezko gehiago egon arren, oso parekatuta dago parte hartzea, bidelarien kasuan, aldiz, herena da gizonezkoa eta bi heren emakumezkoena.
Bestalde, urtetik urtera, gero eta talde finkoagoak daude, taldekideak gustura ari dira eta elkarrekin segitu nahi dute, nolabaiteko konplizitate eta lagun giroa sortzen baita.
Zeintzuk dira zure ustez mintzapraktika arloan ditugun erronkak?
Mintzalagunean ari diren bidelariek konfiantza hartzen dute eta poliki poliki aurrerapausoak ematen dituzte, baina hortik haratago joan behar dugu, hau da, behin taldean segurtasuna lortzen dutenean euren ingurunean erabiltzen hasteko bideak erraztu behar dizkiegu.
Batzuk lortzen dute, baina beste batzuk, aldiz, ez dira ausartzen eta ondo egiten duten arren, soilik taldean egitera mugatzen dira eta horiengan eragin behar da. Euskal hiztunak behar ditugu euskara gehiago erabiltzeko eta mintzalagunean ari direnak euskalduntzen ari dira; beraz, erabilera areagotzeko gakoa dira eta erabiltzera ausartuz gero, altxor bat dugu. Euren inguruan hizkuntza normalizatzea lortzen dutenean izugarrizko lorpena da, eurentzat eta guretzat era bai.
Bestalde, Mintzalagunean egiten den lana ikusarazi beharko litzateke, izan ere, asteroko mintzalagunen dedikazioa eta egiten duten ahalegina handia da eta zaila da hori erakutsaraztea eta parte hartzaileen kopurua ere ez da makala!
Eta ospatzeko?
Dagoeneko “Mintzalagunak 30 urte” dokumentala sortu eta aurkeztu dugu. Urtero ospatzen den Mintza Eguna aurten Donostian antolatuko dugu maiatzaren 27an, Euskal Herri osoko partaideen bilkura izaten da eta guretzako aurten ospakizun eguna izango da.
Donostiako Parte Zaharrean goizean zehar hainbat jarduera izango dira eta ondoren jai giroa Trinitate plazan izango da, bazkaria, ekitaldia, erromeria…Aurtengoa bereziagoa izango da 30 urte bete dituelako egitasmoak eta jendea gogotsu dago.
Eta nola doaz antolaketa kontuak?
Dagoeneko eguna eta tokia hartuta ditugu, eta berehala hasiko gara egunaren egitaraua osatzen. Aurten gainera, elkarrekin antolatuko ditugu Mintza Eguna eta Mintzanet Eguna.
Zorionak Bagera, eta eskerrik asko… Mintzanet proiektua ere Donostian sortu zen eta. 10 urte egin ditugu dagoeneko. Nola ikusten duzu sareko eta kaleko mintzapraktikaren osasuna?
Mila esker! Bai, Mintzanetek ere 10 urte jada! Aurrez aurrekoa eta sarekoa osasuntsu ikusten ditut biak, bietarako eskaria dago, norberaren nahia, gogo eta beharren arabera bata edo bestea du aukeran parte hartzeko. Ikustea besterik ez dago, azken urteetan zein gorakada izan duen Mintzanetek eta azken 30 urteetako aurrez aurreko parte hartzaile kopuruaren bilakaera.