Alberto Elejalde, bidelaguna: “Euskararen atea zabalduko zaizu eta horrela euskaldunon mundua”

Alberto Elejalde Gasteizen jaio zen duela 49 urte, eta egun Gernika-Lumon bizi da. Nahiz eta familia erdalduna izan gurasoak “oso” euskaltzaleak ziren, “aita, batez ere”. “Haiek ahalegin handia egin zuten euskara ikasteko, nahiz eta erabat ez zuten lortu”, esan du Albertok.

Gurasoak auzoko gau eskolara joaten ziren eta etxean gaztelaniaz hitz egiten zuenak dirua “itsulapikoan” sartu behar zuela azaldu du. Horrela, bigarren belaunaldiak euskara ikasi zuen. “Arreba ikastolara joan zen eta nik han-hemenka ikasi nuen. Nerabezaroan jada euskaraz hitz egiten nuen eta gaztetan euskara berezkotzat hartu nuen, nirera moldatuz”, gaineratu du.

Gero, bere emaztea dena ezagutu zuen: Gernikako euskaldun bat. Bertara joan zen bizitzera eta “bertoko euskerie berba itten” duela dio. “Gurasoek euskara maitatzen irakatsi zidaten eta izugarri maite dut, bera barik ez nintzateke ni izango”, azpimarratu du Albertok.

Egun, bidelaguna da Mintzaneten eta Cortesko (Nafarroako Erribera), Vanesa Alcegari laguntzen dio euskara praktikatzen. “Proiektua euskaraz aritzeko aukerarik ez daukatenentzako abagune izugarria da”, dio.

“Vanesa eta biok astelehen guztietan Skypen bitartez elkartzen gara, inoiz arazorik egon bada, beste egun batera pasatu dugu hitzordua. Saioaren hasieran astean zehar eginikoaz hitz egiten dugu, eta gero, aurreko astean nik proposatutako gai bati buruz. Gai guztiek euskal kultura edo euskal ohiturekin harreman zuzena dute: Korrika, Durangoko liburu eta diska Azoka, Marijesiak, Xabier Amuriza, Olentzero, bertsolaritza, Donostiako danborrada, Zuberoa…”, azaldu du bidelagunak.

Vanesak, aldiz, Erriberako ohiturei buru hitz egiten dio, eta horrela biek “ikasten” dute.

Biak “berbatiak” izanda denbora gehiago beharko luketela dio Albertok. Azken finean, “oso ondo” konpontzen direla uste du berak: “konexio handia daukagu eta naturaltasun osoz hitz egiten dugu”.

Zentzu honetan, edozeini gomendatuko lioke Mintzaneten parte hartzea: “Beste mundu batean sartzeko atea zabalduko dizu, beste batzuen kulturan, ohituretan… Euskararen atea zabalduko zaizu eta horrela euskaldunon mundua”.

Alberto Elejalde, bidelaguna
Alberto Elejalde, bidelaguna

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude