Aloña Braceras (1978) Gobernuz Kanpoko Erakunde batean aritu zen 12 urte inguruz hezkuntza teknikari lanetan, eta gaur egun euskara irakaslea da. Bere identitatearen zati oso garrantzitsua da gure hizkuntza, horregatik “denok euskaraz bizitzeko aukera izatea” du amets. Erronka horretan, Mintzanetek ale txiki bat jartzen duela aitortu digu: “Aukera polita euskaraz aritzeko gogoa dutenentzat, eta aproposa egunerokotasunean hainbesteko aukera ez duenarentzat. Eta gaur egun, distantzia sozialak mantendu behar diren honetan, aukera ona eskaintzen du euskara lantzen jarraitzeko”.
Kasualitatez izan zuen hernaniarrak Mintzaneten berri, ahizparen bitartez, eta egitasmoan izena ematea erabaki zuen. Astean ordubetez aritzen da Ester Hernandez bidelariarekin “egunerokotasunean gertatzen zaizkigun gauzez, hau da, bizitzaz hizketan”, eta elkar ezagutzen ari dira: “Ni behintzat oso eroso egoten naiz, eta askatasun handia nabari dut nire egunerokotasuneko errutinez gain, zailtasun eta lorpenez aritzeko”. COVID-19ak eragindako itxialdi garaian hasi zituzten saioak, Ester haurdun zegoela, eta momentu hori berarekin partekatzea “oso polita” izan dela esan digu. Jaioberri den haurra ezagutu du, gainera, eta ondorioz, harremana estutu dute.
Pertsona berriak ezagutzeak bizitzeko modu berriak, munduan egoteko eta mundua ulertzeko modu berrietara irekitzen laguntzen duela iritzi du Bracerasek, eta Mintzanetek, hain zuzen ere, hori eskaini diola aitortu digu: “Aberasgarria izaten ari da guztiz. Arnas gune bat ere, batzuetan, nire ‘betikotik’ ateratzen nauena”. Horregatik, ekimen honetan parte hartzea gomendatuko luke, “euskararen alde egin dezakegun ariketa erraz eta oso aberasgarri bat delako; eta, era berean, harreman berritara irekitzea beti delako aberatsa”.