Ana Belen Urretxu duela 59 urte jaio zen Buradon Gatzagan (Araba). Orain Donostian bizi da, eta egunkari baten bidez ezagutu zuen Mintzanet. Bere esperientzia partekatu nahi izan du eta zuzenean zuei eskaintzea erabaki dugu, berak oso ondo azaltzen baitu zein gauza lortu dituen proiektu honi esker. Hona hemen Ana Belenen hitzak.
“Ia hasieratik borondateak ez duela mugarik ikasi dut. Zerbait egin nahia gailendu egiten zaio zailtasunari. Nire bidelariak ahalegin eta erabakitasun handia ageri du modu eredugarrian. Harekin –Delia Beatriz Etchegaray, Azul hiriko emakume bat (Argentina)– harreman atsegina dut, pixkanaka arlo pertsonalera lerratzen ari dena, denborak ez baitigu ematen.
Laguntza behar dudalako eman nuen izena programan, hitz egiteko bereziki. Funtzionarioa naiz, eta iragan ikasturtean IVAPen izena eman nuen 3. eskakizuna gainditzen saiatzeko. Dudan adina dela-eta, bistan da ziurtagiria lortzea ez dela nire lehentasuna. Hitz egitea da nire helburua. Nire bi seme-alabek hizkuntza-gaitasun osoa dute, eta euskaraz bizi dira; bilobak iristen direnean bizitza horretan parte hartu nahi dut.
Mintzanetek ustez bidelaguna nuena esleitu zidanean, poztu egin nintzen: Etchegaray abizena zuen, eta Iparraldekoa zela ondorioztatu nuen; horrenbestez, euskara izango genuen hizkuntza komun gisa.
Baina, hura ezustea! Patagonian bizi zen. Eta ez hori bakarrik, nik baino gutxiago zekien gainera. Akats bat zelakoan, Mintzaneti jakinarazi nion. Oso bidelagun gutxi daudela erantzun zenidaten, baita mesede bat eskatu ere: euskaraz ni baino okerrago moldatzen zenez, ahal nuenean laguntzen saiatzeko eskatu zenidaten, gutxienez udan edo behar ziren bi bidelagunak aurkitu arte.
Onartu egin nuen, eta hainbat alderditan erabaki oso ona izan zela uste dut.
Hitz egiteko gai ez nintzela iritzita, Bakarka metodoa erabiltzea erabaki genuen gure artean lan-plangintza bat finkatzeko: batetik, gramatikan eta edukietan aurrerapen sistematikoa dago eta, bestetik, ariketen erantzunak ditugunez, ezagutzarik ezagatik kale egiteko arriskurik ez dago. Lehen egunetik saio osoa euskaraz egitea ere erabaki genuen, nahiz eta biok genekien akats handiak ditudala.
Ondorioak sinestezinak dira: hark asko lan egiten du. Arau gramatikalak ulertzeko gaitasun handia du, eta egundoko ahalegina egiten du. Irakurketen ahots-fitxategiak elkarri bidaltzen dizkiogu haren ahoskera zuzentzen saiatzeko, kutsu argentinarra baitu guztiz. Pixkanaka ikasten ari gara hitzak zuzen azentuatzen, sintagmak ahots-kolpe batez esaten… Era horretako gauzak. Ariketak ahoz eta idatziz egiten ditugu. 140 hitz inguruko idazlan bat prestatzen didanean, zuzentzeko behar dudan laguntza bilatzen dut, eta horren gainean mintzatzen gara ondoren. Ditugun baliabideak nik eskain diezaiokedanera eta hark ikas dezakeenera egokitzen ditugu, hortaz.
Baina harrigarriena niri gertatu zait. Gramatika aldetik zuzenak direla argi ez badut ez naiz gauza bi esaldi jarraian esateko; ordenagailuaren aurrean jartzen naizenean, ordea, etenik gabe hitz egiten dut euskaraz. Horrezaz gain, oinarrizko hainbat gauza berriro ikasten ari naiz; izan ere, ikusi dut hutsune handiak ditudala hainbat kontutan. Askotan jakintzat ematen dituzte oinarrizko hainbat gauza, eta inork ez dizkit irakasten.
Laburbilduta: mesede bat egiten ari nintzelakoan nengoen, eta gainera ez nuen neure burua horretarako gai ikusten, baina kontua da oso baliagarri gertatzen ari zaidala.
Arauei ez ikusiarena egin diegu pixka bat, eta astean ordubeteko bi saio egiten ditugu; izan ere, ikasteko nahi handia du eta gauza asko parteka ditzakegu; astean saio bakar bat egitea ez zen aski horretarako.
Interesa izan lezakeenari proiektuan parte hartzeko gomendatuko nioke; ikasteko edo errefortzurako sistema on bat da, beharren arabera. Bestaldetik, euskaraz dakienak erraz parteka dezakeen altxor bat duelako; behar duenari laguntza handia eman diezaioke esfortzurik gabe, denbora baino ez baitu eskaini behar.
Besarkada bat, Belen”.