Ander Olalde Azpeitian jaio zen duela 57 urte. Euskadi Irratian izan zuen Mintzaneten berri. Azaldu duenaren arabera, nahiz eta euskara izan bere ama hizkuntza, euskaltegira joan behar izan zuen EGA ziurtagiria lortzeko: “Euskaltegian jaso nuen guztiagatik euskararekin zor bat nuela sentitzen nuen. Orduan, Mintzanet etorri zitzaidan burura, eta pentsatu nuen ez zegoela modu aproposagorik nire zorra kitatzeko”.
Duela hiru urte hasi zen Estrasburgon bizi den mutil bati laguntzen: “Esan dezaket hasieratik lagunak garela, eta plazerra dela aurrerapausoak nola ematen dituen ikustea. Zentzu horretan, ez dut lan bat bezala hartzen”, esan du Anderrek.
Izan ere, hizketa-gaiak bilatzea ez da arazoa. Ordubetez aritzen dira astero eta, gainera, WhatsAppez ere hitz egiten dute: “Harreman oso ona daukat berarekin, hasieratik ondo konpondu izan gara”. “Euskal Herritik urrun bizi eta euskara ikasten ari direnei lagundu ahal diet. Horretarako, Mintzanet primerako tresna da”, azaldu du.
Honengatik guztiagatik, Anderrek jendea proiektu honetan parte hartzera gonbidatu nahi du. “Oso erraza da, nahikoa da ordenagailua edo mugikorra izatea; probatu behar da” esan du azpeitiarrak. “Ez dute ezer galduko. Gehienez ere, astean ordu erdiko tartea da eta, bueltan, lagun bat irabaz dezakezu, eta nork daki zer gehiago. Uste dut proiektu honek denoi irabazteko aukera ematen digula; galtzeko, berriz, ezer ez”, azpimarratu du.