Hainbat aldiz bisitatu du Euskal Herria Andrea Bella Mintzaneteko kideak, baina 2021ean motibazio berezi batek bultzatuta izan dugu gurean. Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programan parte hartzen ari da 2008az geroztik uruguaitarra, eta aurten, Lazkaoko Maizpide Euskaltegian euskara irakasle izateko azken urratsa emateko aukera izan du. Hilabete t’erdiko egonaldia aprobetxatuz, Raul Alfaro bidelariarekin bildu zen Zarrakaztelun, baina ez da bisitatu duen lagun bakarra izan.
Urtarrilean, egitasmoa Mintzanet kudeatzen duten kideekin elkartu zen Donostian, eta orain, behin Maizpide Barnetegiko ikastaroa bukatuta, Inmaculada Gonzalez bidelariarekin eta bere senarrarekin elkartu da Bergaran: “Duela bi urte inguru hasi ginen Inma eta biok Internet bidez berbetan, eta oso harreman polita sortu da gure artean. Horregatik, aurrez aurre egoteko aukerari ez diogu uko egin nahi izan”.
Herriko euskaltegiko euskara ikasle eta irakasleak ezagutzeko aukera izan du Andreak, haiekin hitz egin eta bere esperientzia partekatuz. Ostean, Bergarako mendiak eta leku esanguratsuetara joan ziren: “Oso aberasgarria izan da haiekin egotea, eta, egia esan, berriz elkartzeko gogoz geratu gara. Beraz, laster Euskal Herrian edo Uruguain berriro batuko garela ziur nago”.
Andreak ondo aprobetxatu du Euskal Herrira egindako bidaia, hala, Uruguaiko Unibertsitatean irakasle izan den Maialen Elizburu eta bere amarekin batu zen, Soraluzen.
Bilbora joateko tartea ere izan du. Bertan, Aniceto Ajuriagogeaskoa bidelagun muxikarrarekin eta Mari Jose bere emaztearekin bazkaldu du Kalderapeko jatetxean: “2014.urtean elkartu ginen lehendabizikoz, eta gure harremana sendotuz goaz. Elkarrekin proiektuak sortzeko gogoa dugu”. Besteak beste, Jalgi Hadi Mundura taldearen sortzaileak dira biak: “2020ko apirilaren 3az geroztik etengabe ari gara martitzenetan eta zapatuetan saioak egiten, eta, laster lehenengo urteurrena ospatuko dugu. Euskara da batzen gaituena eta mundu osoko euskaldunen talde bat osatzen dugu euskarari gure bultzada emateko”.
Azkenik, Bruselan bizi den Josu Agirreri oparitxo bat bidali diola kontatu digu Andreak. Pare bat urte daramate elkarrekin pantaila atzean hizketan, eta pandemiaren eraginez aurrez aurre elkartzea ezinezkoa izan bazaie ere, Andreak berak diseinatutako kamiseta “pozik jantzi” duela aitortu digu.
Ederra benetan!