Andres Mena-mintzanet bere ahotan-mintzanet

Andres Mena Mariscal, bidelaguna: “Harro sentitzen naiz Mintzaneten egiten dudan ekarpen txikiaz”

Hezkuntzarekin zuzenean lotuta dago Andres Mena Mariscal (Legazpi, 1964), izan ere, hezitzailea da, egun, Urretxuko Gainzuri ikastetxe publikoan. Eskolako Euskara Normalkuntzarako Batzordean euskaren egoeraren inguruan askotan hitz egiten dutela aitortu digu, eta egoera “kezkatzeko modukoa dela” dio.

BERRIA egunkarian Mintzanet proiektuari buruzko informazioa irakurri zuenean, izena ematera animatu zen, Euskara ikasten ari direnei mintzapraktikan laguntzeko asmoarekin. Bidelaguna da ordutik, eta hainbat bidelarirekin aritu da, besteak beste, Agustin Jauregui Zabalarekin eta Iratxe Azuagarekin. Astero, dituzten zaletasunei buruz hizketan ordubetez jarduten du batarekin zein bestearekin sarean, lagunarteko giroan, eta bidelarien hobekuntzak sumatu ditu dagoeneko:  “Bai Iratxeren baita Agustinen euskara maila ere hobetu direla esango nuke, biak ahalegin handia egiten ari dira eta nabari da”.

Esperientzia abiapuntu

Euskara ikasteak suposatzen duen ahalegina oso ondo ezagutzen du Andresek, berak ere berandu heldu baitzion hizkuntzari: “Nire ikasketa guztiak bai eskolan bai institutuan baita Magisteritzan ere gaztelaniaz egin nituen. Lehenbizi Euskaltegietan hasi nintzen ikasten baina ez nuen mintzatzeko gaitasuna lortzen. Horrexegatik Lazkaoko Maizpide barnetegian izena eman nuen eta han ikasi nuen  hitz egiten”.

Mintzapraktikaren beharra azpimarratu digu legazpiarrak, horretarako aukera izatea zein garrantzitsua den. Berak izandako esperientzia propiotik hitz egin digu, eta orain, bidelagun jarduna ere ezagun duela, pozik dago: “Harro sentitzen naiz Mintzaneten egiten dudan ekarpen txikiaz”.

Gustura egiten duen zerbait da, eta Mintzaneten jarraitzeko asmoarekin dago: “Edozeini animatuko nioke horrelako esperientzia izatea gure hizkuntzak merezi duelako”.

You Might Also Like

One thought on “Andres Mena Mariscal, bidelaguna: “Harro sentitzen naiz Mintzaneten egiten dudan ekarpen txikiaz”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude