Ane Leturia - MINTZANET BERE AHOTAN

Ane Leturia, bidelaguna: “Lagungarri izan nintekeelakoan erabaki nuen Mintzaneten parte hartzea”

“Ane naiz, eta Azpeitian jaio nintzen duela 34 urte, nahiz eta gaur egun Oñatin bizi naizen. Mendira joatea oso gustuko dut, baita edozein ekintza kulturalez disfrutatzea (kontzertuak, antzerkia, zinema…) edo irakurtzea ere. Eta nola ez, lagunarteko poteoak.

Mintzanet egitasmoaren berri Internet bidez izan nuen, eta duela urte eta erdi inguru, pandemia bete-betean, denbora gehixeago nuela-eta, parte hartzera animatu nintzen. Nik euskara ama hizkuntza dut, naturalki ateratzen zait bere erabilera, baina jaio zaren lekuaren edo inguruaren arabera hau ez da horrela izaten, zailtasunak handiagoak dira, eta horregatik erabaki nuen parte hartzea, lagungarri izan nintekeelakoan.

Mintzanetetik hasieran jarri zidaten bidelariarekin pare bat aldiz bakarrik hitz egin nuen, bere egoera pertsonala tarteko ez zen posible izan aurrera jarraitzea. Egia esanda momentu horretan pixka bat desanimatu nintzen. Baina handik denbora batera Mintzanetetik nire egoeraren berri jakiteko idatzi, eta egoera kontatu nienean, beste bidelari batekin hitz egiten hastea proposatu zidaten, eta animatu egin nintzen. Ez naiz inolaz ere damutzen, oso harreman polita sortu da, nire ustez behintzat, bion artean.

Hasierak zailxeagoak izaten diren arren, konfiantza hartu ahala harremanak bere bidea egiten du, nire kasuan behintzat primerako bidelari batekin. Astero hitz egin ohi dugu skype bidez, nahiz eta lana tarteko batzuetan ez den posible izaten, gehienetan niregatik. Egunaren arabera ordu erdi edota ordu beteko saioak egiten ditugu, naturalki, bakoitza nola dagoenaren eta denboraren arabera.

Berak euskarazko azterketak eduki izan dituenean maiztasuna areagotu dugu ahozkoa prestatzeko. Presentzialki ere geratu gara hirutan. Gasteizen, bera bizi den hirian bitan, eta Urbian, Urmugako kontzertua entzunaz hirugarrenean. Apirilerako ere badaukagu plana, kontzertu bat ikustera goaz.

Esan dezaket proiektu honetan parte hartzeak lagun bat oparitu didala.”

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude