Anna Bitong, BBCko kazetaria: “Euskara hain hizkuntza zaharra izateak nire arreta erakarri zuen: nola biziraun du hainbeste urtean?”

-Nor zara, zein da zure adina, lanbidea, nolako erreportajeak egiten dituzu eta zein hedabidetarako?

Nire izena Anna Bitong da eta 36 urte ditut. Kazetaria naiz eta Los Angelesen (Kalifornia) egiten dut lan. Politikari, hezkuntzari, krimenari eta beste hainbat gairi buruzko erreportajeak egiten nituen egunkari batean. Orain, berriz, kazetari independientea naiz eta gehienbat kulturari eta zientziari buruz idazten dut hainbat webgunetan.

-Noiztik kolaboratzen duzu BBCrekin?

BBCrekin elkarlanean iaz hasi nintzen.

-Noren proposamena izan da euskarari buruzko erreportaje bat egitea, zurea ala beraiena?

BBCko editoreari nik neuk egin nion proposamena, lehenago ere beraiekin kolaboratu bainuen.

-Zergatik interesatu zitzaizun gai hau? Eta BBCkoei? Arrakasta izan du?

Euskal Herrira behin baino gehiagotan joan naiz, azkenekoz martxoan, baina euskarari buruz oso gutxi nekien: hizkuntza bakarra dela eta ez duela munduko beste hizkuntzekin harremanik. Jakinmina neukan, gehiago ikertu nahi nuen eta editoreari esan nionean, interesgarria iruditu zitzaion. BBC Travel-eko erreportajerik irakurrienetarikoa izan da.

-Nolakoa izan zen lana osatzeko prozesua? Zertaz jabetu zinen? Atentzioa zerk eman zizun? Noiz jakin zenuen euskara existitzen zela?

Euskadira, zehazki Donostiara, etorri nintzen lehendabiziko aldian izan nuen euskararen berri, 16 urte nituenean, hain zuzen. Hala ere, erreportajerako ikertzen hasi nintzen arte ez nekien ia ezer hizkuntza horri buruz. Kazetari gisa beti izan nuen jakinmina, ikertzeko gogoa, munduan duen esanahia eta inguratzen duen misterioa argitzeko irrika.

Erreportajerako bildu dudan informazio gehiena Pello Salabururi eta Karmele Errekatxori egindako elkarrizketetan bildu dut. Lehenengoa materia horretan aditua da eta bigarrenak, berriz, euskara ezkutuan ikasi zuen Francisco Francok debekatu zuenean. Telefonoz hitz egin nuen beraiekin, eta behin eta berriz informazio gehiago eskatzeko jarri naiz beraiekin harremanetan. Biak eskuzabalak izan dira eta Karmelek, adibidez, oso istorio pertsonalak kontatu zizkidan zure hizkuntza hitz egiteko edo zure kulturan bizitzeko debekua zer-nolako bidegabekeria den adierazteko. Errepresioaz hitz egiten zidanean bere zirrara sentitu nuen. Haren hitzetan, euskararekiko maitasunak biziraun egin du eta hurrengo belaunaldiek ere berreskuratu egin dute.

Niretzat harrigarriena euskararen antzinatasuna da. Nola biziraun du milaka urtetan zehar eta nork hitz egin du hainbeste urtean? Gainera, ‘tximeleta’ esateko hainbeste modu egoteak liluratu egin nau.

-Zer dakite Ameriketako Estatu Batuetan hizkuntza honi buruz?

Estatu Batuetako hainbat komunitatetan euskaraz hitz egiten dute eta hurrengo belaunaldiei pasatzen saiatzen dira. Pellok esan zidanez, Renon (Nevada) Espainatik kanpo dagoen euskal liburutegirik garrantzitsuena dago.

-Testuan Mintzanet aipatzen duzu. Nola izan zenuen proiektuaren berri? Antzerako esperientziarik ezagutzen duzu? Zer iruditzen zaizu?

Sarean topatu nituen Mintzaneti buruzko hainbat erreportaje. Ekimen oso ona iruditzen zait, munduko edozein lekutatik euskara praktikatzeko aukera ematen baitu, eta horrela, hizkuntza bizirik mantentzen da. Pellorekin eta Karmelerekin hitz egindakoaren arabera, helburu honen garrantzia ulertu dut.

Anna_Bitong-2-7 (2)
Anna Bitong BBCko kazetaria da

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude