Itzultzailea da Arantzazu Azpillaga azpeitiarra. Irakurtzea gustuko du, zinemara joatea, lagunekin elkartzea… eta bateko zein besteko harremanak euskaraz mantentzen ditu: “Herri eta familia oso euskaldun batekoa naiz eta euskaraz bizi naiz. Euskara… bestela ez gara! Nire inguruan zorionez euskara asko erabiltzen da, baina ohartzen naiz oso gutxik dugula zorte hori”. Aspaldi izan zuen Mintzanet egitasmoaren berri, baina ez du momentu zehatza gogoratzen; bai ordea, euskararen alde jarduteko sua piztu zitzaiola. Hala, izena ematea erabaki zuen, “euskaraz hitz egin nahi dutenek aukera izan dezaten”.
Lehendik ere bidelaguna izandakoa da, baina egun, Natalia Urcola argentinarrarekin egiten ditu saioak: “Oso harreman ona dugu eta gure saioetan ongi pasatzen dugu”. Astean behin elkartzen dira, pantailak erabiliz, astelehenetan zehazki, baina elkarrekin mezuak trukatzen dituzte ondorengo egunetan ere. Saioak ez dituzte aurrez antolatzen, eta hizketa libreari ekiten diote, iragan astean egindakoez, adibidez: “Lehengo batean edariei buruz jardun ginen eta Fernet probatzeko deseatzen nago!”.
Aipatu digu arazo teknikoak ere izaten dituztela sarri, baina “ongi moldatzen” dira halere. Izan ere, duten hartu-emanari esker, Nataliak mintzamena eta ulermena hobetu dituela aitortu digu Arantzazuk: “Asko saiatzen da eta lan asko egiten du”. Bada, izandako esperientzia ardatz, Mintzanet euskara sustatzeko egitasmo baliagarria dela deritzo azpeitiarrak, “batez ere, euskaraz hitz egiteko aukera gutxi edo batere ez duten tokietan”.
2 thoughts on “Arantzazu Azpillaga, bidelaguna: “Mintzanet baliagarria da, batez ere, euskaraz hitz egiteko aukera gutxi edo batere ez dagoen tokietan””