Malen Dominguez Zabala, soziologoa eta TMeLabeko proiektu koordinatzailea
Urriaren 19an Telesforo Monzon euskal herrigintza laborategiko Txillardegi Gogoeta guneak, Jakin-ek eta UEUk XXI. mendeko Hizkuntza Politikaz jardunaldi berezia antolatu zuten. Malen Dominguez Zabala soziologoa antolaketan ibili da, eta jardunaldiko edukiei buruzko zenbait galdera luzatu dizkiogu mintzanet ataritik. XXI. mendeko tresna da gurea, mintzapraktikak garrantzia berezia duen aroan bizi gara, eta egungo aldaketak gu ere kezkatzen gaituzte.
Hizkuntza politika berri baten beharraz jardunaldia antolatu duzue Eibarren eragile ezberdinen artean. Nolatan?
40 urte pasa dira, adibidez, EAEn 1982ko Euskararen Legea onartu zenetik eta 35 bat Nafarroako Euskararen Legetik. Ordutik, gaur arte, mundua -eta Euskal Herria, ondorioz-, nabarmen aldatu duten prozesuek gurutzatzen dituzte: robotizazioa, gauzen Interneta, inteligentzia artifiziala… Aldaketa guzti horiek eragina izan dute gure balio sistemetan, are gehiago gurea bezalako nazio gutxiagotuetan. Horren aurrean, hizkuntzaren arloari erreparatuta, behar berrien aurrean ekitea eragiten dute. Beste modu batera esanda, testuinguru berri honetara egokitutako hizkuntza politika batean pentsatzen hasi beharra dugula konturatu gara. Jakin Fundazioa eta UEUrekin batera aipatutako kezka partekatu eta problematika horren inguruan pentsatu eta ekiteko plaza eskaintzea izan da jardunaldien helburua.
“XXI. Menderako hizkuntza politikaz jardunaldia” martxan. @hazarrue (@jakin_eus )@kepasarasola (UEU)
— UEU (@ueu_orokorra) October 19, 2022
Malen Dominguez (@TM_eLab )https://t.co/kuWzNM4Xou.#HizkuntzaPolitikaXXI pic.twitter.com/AjUjFoHdes
Hizkuntza politikaz ari gara, zein berrikuntza behar direla ondorioztatu duzue jardunaldian?
Finean, XXI. mendera egokitutako hizkuntza politika behar dugula argi geratu zaigu. Euskal Herriko eremu administratibo bakoitzean oso errealitate ezberdina bizi du euskarak hizkuntza politikari dagokionean. Ausartak izan, erabaki politikoak hartu eta eredu berrietan pentsatu behar dugula argi geratu da. Eta noski, kontsentsu maila batzuetara iritsi aurrera egiteko.
Aldaketa asko eta azkarrak gertatzen ari dira… horrek zelan eragiten dio gure hizkuntzari, eta zelan erantzun beharko lioke hizkuntza politika berritu batek?
Jardunaldian mahai gainean jarri ziren gure artean luzaroan izan ditugun baieztapen ugari. Historian lehen aldia izango da euskaldun elebakarrik geratuko ez dena, sentsibilizazioa ezinbestekoa bada ere agian ez da tresna bakarra, eskolak bere hutsean euskalduntzeko kamuts gelditzen dira eta eskolaz kanpoko euskararen transmisioa ezinbestekoa da biziraupenerako, haur gazteek kontsumo eta sozializazio berriak dituzte eta hor euskararen presentzia oso laburra da, lan mundua ere aldatzen ari da eta lantegi klasikoen irudia historia izango da aurki, errealitatearen aldaketa Sakon hauek eragin nabaria dute arnasguneetan… Finean, gizarte mota berri bat eratzen ari da zerikusi gutxi duena XX. mendearen azken hamarkadetakoarekin eta beraz garai horretako Hizkuntz politika eta legediekin.
Denbora gure kontra doala uste duzu?
Alferrik da horretan pentsatzea, alde edo kontra egin beharrak ditugu.
Aipatu ditugun aldaketei dagokienean, tsunami bat datorkigu gainera. Olatua surfeatu eta erresilienteak izatea da nahi duguna. Erronka handia da eta denok batera egin beharreko lana da, nork bere arlotik eta bakoitzak prozesu horretan duen erantzukizuna onartuz.
Dabid Anaut: Zergatik erabakiko du Euskaldunak euskaraz egitea 20 urte barru? #hizkuntzapolitikaXXI pic.twitter.com/k2gtWO5Gul
— TM eLab Euskal Herrigintza Laborategia (@TM_eLab) October 19, 2022
“Zaila bada, ez da ezinezkoa” irakurri dugu txio baten argazkian. Nola ikusten duzu zuk?
Inoiz bizi izan ez ditugun prozesuek gurutzatu dute gure bizi moldea. Horrek esan nahi du etengabeko egokitze faseak irekitzen ari zaizkigula. Eta galdera klabea da, aldaketen aurrean nola kokatzen da euskara?
Sustapenaren fasea agortuta dagoela iruditzen zaigu, aurrera salto bat eman behar dugu eta gure esku dauden neurriak hartu. Zaila izango da, bai, baina noiz izan da erraza? Amets handiak edukita eta lorpen txikien bidez egingo dugu aurrera. Lehenago aipatu moduan, nork bere eskumenekoa dena eginez, zirrikituak bilatuz eta ausardiaz jardunez.