badalab-mintzanet

Badalab hizkuntza eta teknologia garatzeko laborategia martxan

Euskara biziberritzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko garaian esperimentazio gune erreferentziala bilakatzeko helburuarekin jaio da Badalab Hizkuntza eta Gizarte Berrikuntzarako Laborategia.

Euskararen biziberritze prozesuan berrikuntza eta esperimentazioaren aldagaiak txertatzea izango du xede eta, aldi berean, gizarte berrikuntza prozesuetan hizkuntzaren aldagaia kokatzea. Hala nola, euskararentzat aukera berriak identifikatu eta horietan eragiten saiatuko da, prototipo berriak proposatuz. Hizkuntza teknologiarekin esperimentatzea izango du jomugan.

Emaitza nagusiak:

Badalab hizkuntza eta teknologia garatzeko laborategiak hiru emaitza nagusi lortu nahiko lituzke bere jardunarekin:

  • Lehenik, euskara indartuko duen ekosistema eraberritu eta aberatsagoa lortzea, eragile berri eta anitzen partaidetzarekin, euskal hizkuntza etengabe sortzen diren testuinguru berrietan egon dadin eta eremu horietan bere erabilera areagotu dadin.
  • Bigarrenik, prototipo eta gizarte proposamen ausartak gauzatu nahi ditu, bide berriak irekiko dituzten proiektu eta ekimen berritzaileak euskaraz abiarazi daitezen.
  • Hirugarrenik, narratiba berriak eta euskarazko bizipen zirraragarriak sorraraztea, formatu eta testuinguru anitz eta digitaletan, euskaraz momentu berriak eta gogoangarriak gehiagotan bizitzeko aukerak sortuz –aisialdian, kulturan, lanean, sorkuntzan, eta abar–.

Gazteak eta aniztasuna

Gazteek nolako etorkizun desiratua irudikatzen duten ulertzen saiatzea da asmoa, gero horretan eragiteko. Errenterian aniztasuna lantzen duten eragileekin partekatuko dute beste proiektu bat, hizkuntza, gizarte kohesioa eta komunitatea uztartuz.

Badalab Orereta Errenteriko Madalen kaleko 27an dago. Bere barruan du Badaplaza, adimen kolektiboa sustatu eta komunitateko ekintzak hartuko dituena eta herritarrei irekia. Bestetik, Badatokia eta esperimentazio eta prototipatze espazioak ere egongo dira erabilgarri.

Gipuzkoako Foru Aldundia, Errenteriako Udala, Soziolinguistika Klusterra, Kontseilua, EiTB, EHU, Arantzazulab, Euskaltzaindia eta Langunek osatzen dute besteak beste eragileen zerrenda. Erabakiak guztien artean eta kontsentsu handienarekin hartzeko konpromezua eman dute ezagutzera.

Mintzanet bezalako egitasmo batentzat, bereziki garrantzitsua da horrelako gune eta laborategi bat martxan egotea. Hizkuntzaren inguruan sortzen dena, teknologiaren aldetik, edota etorkizunean euskarak eremu digitalean dituen erronkak detektatu, aurre egin eta egitasmo berriak sortzeko berebizikoa izango delakoan.

Gipuzkoatik, Euskal Herri osoko ikuspegiarekin eta maila globalean dauden joera eta bilakaera aztertuz, gure hizkuntzatik, gure hizkuntzarentzat eman beharreko erantzun eta proposamen berriak egitea du xede.

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude