Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen |
|
Pasartea
Hau ez zait gustatzen esatea baina nik nire aitari beldurra nion. Esaten zidan, “Ibrahima, ez egin hori”, eta ez nuen egiten. Baina batzuetan ahazten zitzaidan eta egiten nuen. Orduan, ohitura bat zuen aitak. Gerrikoa askatu eta agintzen zidan, “Ibrahima, etzan lurrean”. Nik, “dakor”, esaten nion, eta bost kolpe ematen zizkidan. Edo hamar. Ongi ulertzen nuen zergatik jotzen ninduen, eta saiatzen nintzen, hurrengoan, berriz ez egiten. Nire aita ez zen sekula eskolara joan, horregatik haserretzen zen hainbeste ni joaten ez nintzenean. Gauean beti galdetzen zidan, “Ibrahima, gaur joan zara eskolara?”. Eta nik egia esaten nion, “bai, joan naiz”. Edo bestela, “ez, aita, ez naiz joan, lagunekin egon naiz futbolean jolasten”. Baina nik erantzun baino lehen, dena jakiten zuen aitak, galtzak zikinduta ekartzen nituelako. Orduan, gaueko otoitzetik itzultzen zenean, etxera sartu eta esaten zidan, “Ibrahima, badakizu”. Lurrean etzaten nintzen eta gerrikoa askatzen zuen. Bost kolpe ematen zizkidan. Edo hamar. Bizkarra berotu arte. Gero, gerrikoa jantzi, otoitz bat egin, eta lotara sartzen ginen. Maite nuen nik aita. Aitak ere maite ninduen ni. Amets Arzallus Antia Ibrahima Balde |