‘BASQUE’. podcasta abiatuko du Etxepare Euskal Institutuak

Urriaren 15ean argitaratuko dute lehenengo atala, Estibaliz Urresola zinemagileari egindako elkarrizketarekin. Euskal kulturari lotutako pertsona nabarmenei ahotsa emango die poscastak urrian zehar.

Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura eta sorkuntza garaikidea kanpoan proiektatzeko helburuarekin sortu du BASQUE. podcasta. Ulu Mediarekin batera ekoiztuta, azken hamarkadan goranzko joera izan duen audio formatua baliatuko du “Euskal Herria nortasun propio bat eta hizkuntza berezi baten jabe den eta, era berean, kultura sortzaile eta erakargarri bat duen lurralde bezala proiektatzeko”.

Inspirazio-iturri diren euskal artista eta sortzaileei eta euskarari eta euskal kulturari lotutako pertsona nabarmenei ahotsa emango die podcastak, Oier Aranzabal kazetariak gidatuta; zinema, gastronomia, hizkuntza eta artearen munduko pertsona esanguratsuren etxera edo estudiora sartuko da.

Bada, lehen denboraldiko partaideak ezagun dira dagoeneko: Estibaliz Urresola zinemagilea, Eneko Atxa sukaldaria, Sahatsa Jauregi artista, Hiromi Yoshida hizkuntzalaria eta Itziar Ituño aktorea.

Elkarrizketa, narrazioa eta dokumental zatiak uztartuko ditu podcastak. Jatorriz euskaraz grabatu eta ingelesera bikoiztuta emitituko dituzte, azaroa bitartean, ohiko plataformetan: Spotify, iVoox, Apple Podcast, Amazon Music eta Google Podcast. Etxepare Euskal Institutuaren webgunean ere entzungai egongo dira, www.etxepare.eus/eu/podcastak atalean.

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude