KikeAmonarriz-Mintzanet

“Bizi izan ditugun urteak bizi eta gero, eta Euskal Herrian izan diren aldaketa soziodemografikoak izan eta gero, kaleko erabilerari eutsi izana lorpen handia da”

Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria

Uda garaian, ikastaroen aroan murgiltzen gara, jaien sasoia, oporren aroa. Baina gogoetari eusten saiatuko gara gu ere. Mintzanetek uda honetan ere, euskalgintzaren inguruan sortzen diren kezka, eztabaidak eta gaiak lantzen jarraitu nahi du.

Aurreko astean Euskaltzaleen Topaguneak, EHUko Udako ikastaroen baitan Aktibazio sozialari buruzko topaketa antolatu du. Kike Amonarriz soziolinguista, umoregile eta euskaltzaleak zuzendu du ikastaroa, eta Topagunearen talaiatik hainbat kezka, gogoeta eta ildo aurreratu dizkigu. Erantzunak baino, proposamenak dira Kikerenak. Arretaz irakurri eta gogoeta egiteaz gain, ekintzara pasatzeko proposamen zehatzekin.

Aktibazio soziala praktikan jartzeko ikastaroa antolatu duzue EHUko udako ikastaroetan. Zein da helburua?

Euskaltzaleen Topagunearen ustez, euskararen biziberritze-prozesuak aurrera egingo badu, aktibazio soziala ezinbestekoa izango da. Iaz antolatu genuen udako ikastaroan, euskararen eta hizkuntza gutxituen aldeko aktibazio soziala, ikuspegi teoriko-praktiko batetik aztertu genuen, eta aurten munduko beste hizkuntza komunitateetan -bereziki Galesen-, eta Euskal Herriko beste mugimendu sozialetan, aktibazioa nola bideratzen den aztertu eta ezagutu nahi izan dugu, gure eguneroko praktikak eta diskurtsoak elikatzeko.

Zein profiletako jendea -ikasleak- batu dira ikastarora?

Euskal  Herri osoko ikasleak izan ditugu; erdiak gipuzkoarrak, bizkaitar talde polita, baina baita Arabatik, Nafarroatik eta Iparraldetik etorritakoak ere. Bostetik hiru emakumezkoak eta bostetik bi gizonezkoak, eta adin guztietakoak: 20 urte ingurukoetatik hasita, 60 urtetik gorakoetaraino.

Euskalgintzan ari diren pertsonak izan dira ia guztiak. Hainbat erakundetako partaideak izan ditugu. Euskaltzaleen Topagunea, Euskara Elkarteak, Bai Euskarari, Elhuyar, Badalab, Beta, Garabide edo Eusko Ikaskuntza bezalako mugimendu eta erakundeetakoak, irakaskuntzan, euskaltegietan edo unibertsitatean hizkuntza normalizatzeko egitasmoetan ari direnak, ikerlariak eta ikasleak, eta baita hainbat udaletako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Osakidetzako, Etxepare Institutuko nahiz Eusko Jaurlaritzako euskara teknikari eta arduradunak.

Esperientzia eta proposamen ezberdinak entzuteko parada izan da ikastaroan, horiek aktibatzen saiatuko da Topagunea?

Bai. Bertan entzundakoak Topagunearen -federazioaren nahiz Euskara Elkarteen- dinamikak indartzeko, eta  esku artean ditugun egitasmo estrategiko batzuk elikatzeko oso erabilgarriak gertatuko zaizkigu. Esate baterako: Euskaraldia. Euskaraldiaren bidez ahalik eta herritar eta entitate gehienetara heldu nahi dugu euskararen erabileraren aldeko hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta dinamika sozialak bizkortzeko eta iraunarazteko. Eta ezagutu dugun hainbat esperientziak pista interesgarriak eskaini dizkigu; Euskaltzale Aktiboen Sarea. Datorren urtean jarri nahi dugu abian, eta euskararen alde aktiboki parte hartu nahi duten guztiekin sarea osatu eta aktibatu. Jardunaldi hauek egitasmo honetarako inspirazio iturri suertatu zaizkigu eta azkenik Euskaltzaleen Topagunearen 3. Kongresua: datorren urteko udazkenean burutu nahi dugu, eta hari begira, beste mugimenduetako lekukotzetan helduleku ugari aurkitu dugu.

Euskararen normalizaziorako bidean, herriz herri zein da euskara elkarteen egoera? Aktibazio soziala nola jarri martxan?

Une honetan Euskal Herri osoan ditugu euskara elkarteak, herrialdetik herrialdera eta eskualdetik eskualdera presentzia eta egoera asko aldatzen bada ere. Pandemiak, gainera, asko kaltetu eta ahuldu du mugimendua (elkartegintza osoa, egia esan).

Horregatik, ahalegin berezia ari gara egiten, Euskaraldian ahalik eta herri batzorde gehien sor daitezen eta ahalik eta indartsuenak izan daitezen. Batetik, Euskaraldiak dakarren aktibazio soziala ahalik eta indartsuena eta zabalena izan dadin, eta bestetik, gune motor horiek Euskaraldia amaitu eta gero ere, lanean jarrai dezaten eta egonkortu daitezen.

Euskarak eta euskaldunok ditugun erronkei aurre egin ahal izateko eta biziberritze-prozesuak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da herritarrak eta gizartea aktibatzea eta ahalduntzea. Bestela, inertziak beti eramango gaitu hizkuntza hegemonikoetara.

Herri mugimendu, mugimendu sozial ezberdinetako kideak izan dira ikastaroan, nola uztartu hauen arteko elkarlana herriz herri?

Gero eta esperientzia gehiago dago zentzu honetan. Azken urteotan, esate baterako, ugaritu egin dira nabarmen euskalgintzaren eta feminismoaren artean sortu diren zubiak, edo oso interesgarria da hainbat euskara elkartek euskalgintzatik herrigintzara jauzi egiteko hartu duten norabidea. Euskalgintzak ateak zabaldu eta bide berriak urratu behar ditu bestelako mugimenduekin eta sektore sozialekin. Hori da bidea, euskararen biziberritze-prozesua ahalik eta sektore gehienetara irits dadin.

Euskaraldia be badator, zelango giroa dago gaur egun?

Korrika indartsu batetik gatoz. Euskararen festetan ere aspaldiko jendetzarik handienak ari gara ikusten, eta Euskaraldiaren inguruan ere, gero eta herri eta entitate gehiagotan ari dira motorrak berotzen. Uste dut irailetik aurrera Euskaraldi indartsua ikusiko dugula, eta aurreko edizioetan baino zentratuagoa ariketan. Herritarrak eta era guztietako entitateak ari dira ulertzen Euskaraldia ez dela euskararen aldeko kanpaina bat, hizkuntza-ohiturak eta hizkuntza-praktika errealak aldatzeko eta euskararen erabilera erreala, maila indibidualean nahiz kolektiboan handitzeko ariketa soziala. Konbentzituta nago aurtengo edizioa handia izango dela.

Aktibazio sozial ariketa gisa, Korrika indartsu eta koloretsu baten ostean, Euskaraldiari zer eskatu dakioke?

Urrats konkretuak. Lorpen zehatzak.  Norbanako mailan, nahiz era guztietako entitateetan, aurrera eramango diren eta gauzatuko diren erronkak eta helburuak markatzea. Ondoren, horiek guztiak jakinarazi eta ikusaraztea. Eta Euskaraldia amaitu eta gero, lorpenei eta hizkuntza-ohitura berriei eustea.

Milaka aurrerapauso eta lorpen erdiesten eta bisibilizatzen baditugu, horrek sor dezakeen motibazio-olatuak sekulako eragina izan dezake.

Kale neurketako emaitzak jakin berri ditugun honetan, nola heldu lanari etsipenean erori gabe?

Uste dut, bizi izan ditugun urteak bizi eta gero, eta Euskal Herrian izan diren aldaketa soziodemografikoak izan eta gero, kaleko erabilerari eutsi izana lorpen handia dela. Baina horrek esan nahi du, aurrera egitekotan, euskararen aldeko neurriak eta politikak, eta gu guztion praktikak, indartu eta azeleratu egin behar ditugula.

Etsipenerako baino, aktibaziorako eta esperantzarako garaiak direla esango nuke.

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude