Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
|
Elkarrizketa
Lander Muñagorri kazetariak Joserra Garziari egindako elkarrizketa Berrian:
Kike Amonarriz eta zuk egin zenuten gida bat Euskadi Gazteak hizkuntzan izan beharko lukeen erabilera aztertzeko, eta proposamenak egin zenituzten…
Lerde kontainer oso ondo dago, baina Gazteak testuinguru egokian sei aldiz erabiliko balu, hori hedatuko litzateke. Erabiltzen ez denak ez du indarrik, eta indarrik ez duenak ez du inork erabili nahi. Sorgin gurpil hori apurtzeko ardura ez dugu norbanakoek izan behar. Baten batek eskatu beharko du, orduan. Gazteara bidaltzen diren mezuetan gazteleraz idazten dute askok: «Jarri abesti hau. Igandean al Ibilaldi a ver si pillamos cacho». Mezu horiek bidaltzen dituzte, eta esatariak enfasia jartzen du gaztelerazko zatian. Hor esaten ari da inportantzia gaztelerak duela. Esan genien zati horiek itzuli beharko liratekeela, eta artifiziala zela zioten. Gida hori egin genuen, eta tiraderan gorde zuten.
Erabilera sustatzeko baliabideak behar direla, alegia.
Hori da. Euskaraldia zoragarria izanda ere, euskaraz aritzeko baliabiderik gabe jai daukagu. Denak behar ditugu, eskola eta hedabideak. Esaten dugu euskara normaldu gabe dagoela, baina euskal idazleek sortzen dituzte euren munduak euskaraz, eta hori ez doa hiztunengana. Non dago transmisio hori? Euskararen profesionalak hori asumitu behar du, eta hori egiten ez den bitartean, jai daukagu. Bolada batez [Joxean] Artzeren esaldi ezagun baten kartelak jarri zituzten tabernetan: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik». Bada, nik beste bat jarriko nuke horren azpian: «Hizkuntzak ez badio hobeto bizitzeko balio, hiztunak era berean esango dio kaixo eta adio».
Berria (elkarrizketa osoa)