Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Hizkuntza normalizaziorako teknikaria
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Aditzoinen forma Salbuespenak salbuespen, honela laburtu daiteke araua [28. araua]: a) Partizipioa –tu (-du) amaitzen bada, hura kenduta: hartu > har; bazkaldu > bazkal; belztu > beltz (*belz); zehaztu > zehatz (*zehaz); hustu > huts (*hus)… Izenetik, izenondotik eta adberbioetatik sortutako aditz eratorria denean, partizipioaren forma ere onartzen da aditzointzat: ume/umetu, eder/edertu, urrun/urrundu, huts/hustu… b) Partizipioa -i formaz amaitzen bada, hura kenduta: etorri > etor, erosi > eros, irakurri > irakur, utzi > utz… Salbuespenak: aditz-izena –tze izanik, haren aurrean –i– badago (jaikitze, jalgitze, etsitze, bizitze, aritze…), –i– hori ez da galtzen (*jaik, *jaig, *ets, *biz, *ar…> jaiki, jalgi, etsi, bizi, ari…). Itxi eta etsi aditzek beti berekin eusten diote –i horri: *itx ezazu > itxi ezazu *ez dezagun ets > ez dezagun etsi (Ez hala, ordea, etsi aditzetik eratorritako aditzek —alferretsi, askietsi, baietsi, balioetsi…—, arau nagusiaren arabera jokatzen baitute). Iritzi eta eutsi aditzetan bi aldaerak onartzen dira. c) Badira –t bukaera duten aditzoin gutxi batzuk: laket/laketu, ausart/ausartu, bat/batu, oroit… (aditz eratorriak dira, oinarrian –t dutenak); ezagut, lant/landu, lot, ohart/ohartu… (literatura-tradizioan hala ageri izan direnez, hala onartu dira). d) Gainerakoen aditzoinak eta partizipioak berdinak dira: egon > egon, laga > laga, hil > hil, eho > eho…
|
Elkarrizketa
(…)
DOM BILAKATU NINTZEN
“Ene lehen eraso sexista 15 urterekin bizi izan nuen, Aldudeko ostatuan. Gizon batek, 22 urtekoak, ene gibeletik arribatu eta ipurdia hartu zidan bi eskuekin. Ni itzuli nintzen, eta bera eta bere lagunak irriz hasi ziren. Hor ulertu nuen ene gorputza ez zela enea. Denena zela. Herra sentitu nuen. Kexu nintzen emazte izateaz. Orain ez, baina orduan bai. Eta horrek sortu zuen nigan feminismoaz pentsatzeko gogoa eta beharra. Eta hortik iritsi nintzen ene generoa galdezkatzera. Zer naiz? Emazte naiz? Ez naiz emazte? Beharbada ez naiz beti emazte. Zinez behar dut identifikatu genero bakar batekin? Glasgowk eskaini zidan horrekiko esperimentatzeko parada. Han bilakatu nintzen Dom. Eskozian Dominic deitzen diren gizonak “Dom” deitzen dituzte. Eta ni Dominique izanik, jendea Dom deitzen hasi zitzaidan. Geroztik ene izena Dom da”.
EUSKALDUN FEDEDUN ETA HETERO
“Zinema eta arteari esker hasi nintzen pertsona homosexualen adibideak ikusten, baina denak ziren ingelesez edo frantsesez, eta ez zen deus euskaraz. Eta iruditzen zitzaidan euskal nortasuna eta gay nortasuna ez zirela bateragarriak. Eta manera batez, paradoxikoki, pentsatzen nuen nik ni izateko behar nuela ene euskalduntasunaz urrundu, iduritzen zitzaidalako ez zela posible euskal giroan aske izatea”.
Bideoa
(224) Mediku bakoitzak bere orrika – YouTube
Euskararen aberastasuna erakusten dute euskalkiek. Baita eremu zehatz batzuetan soilik errotuta dagoen lexikoak ere. Horiek hizpidera ekartzen ditugun bakoitzean modu naturalean biziberritzen dugu euskara, eta ingurukoak ere aberasten ditugu, hitz eta esamolde berriekin. Orrikak, kurrikoak, kurrikak edo porrikak arrotzak zaizkigu beharbada, baina tenazak edo alikateak baino jatorragoak dira. Aspaldi ikasi genuen abesten: guztiok gara euskaldun, nahiz eta hitz desberdinez bat bera dugu euskara.