Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Alferreko perifrasiak Gehienetan estilo-kontua bada ere, azken urteotan —inguruko erdaren eraginez bereziki— neurriz gain zabaldu da euskaraz alferreko perifrasiak erabiltzeko joera. Esanahi osoko aditz baten ordez, <hitz abstraktua + aditza> egiturara jotzen da. Aditz jakin batzuekin gertatzen da batik bat: aurkeztu, ekin, gertatu… (eta burutu, garatu, gauzatu eta gisakoekin). (→ nominalizazio-estiloa (nominalizazioa ≠ aditz-izena)) Ez dirudi bide egokia, baldin bigarren aditzak oinarrizkoari esanahi argirik edo gehiagorik ematen ez badio; halakoetan, mesedea izan beharrean, traba da komunikaziorako. Nominalizazio-estiloaren gehiegikeria ere arrasto berekoa da. Estilo-liburu askok esaten dute bestelako aukera batzuetara jotzea komeni dela. ▼Udalak langileak fitxatzeko erlojuen aldaketari ekin dio egunotan (> Udalak langileak fitxatzeko erlojuak aldatu ditu egunotan). ▼Zubiaren eraikuntza egitea da helburua (> Zubia eraikitzea da helburua). ▼Proposatzen diren ariketak nahitaezkoak gertatzen dira gida didaktikoko helburuak lortzeko. ▼Batzuk hain dira txikiak ezen ia ikusezinak gertatzen baitira, eta ez diegu erreparatzen. ▼Zailtasunak aurkezten dituen ikaslearentzat… ▼Txirrindulariak prest zeuden irteera hartzeko / irteerari ekiteko (> irteteko). ▼Gaur emango zaio hasiera kanpainari (> hasiko). Euskara Batuaren Eskuliburua (moldatua) |
Artikulua
Maiteminduta ezkondu? (…) Badira bikoteak, elkartu eta haurrak koskortu ondoren hautsi egiten direnak. Badira nola edo hala batera segitzen dutenak, uztarria lepoan. Biolentzia sinboliko ikusezina, askotan emakumearen aurkakoa. Eta badira, nonbait, estratega hutsak: gizona ama izateko erabiltzen duten emakumeak; andrea bakarrik ez egoteko edo astean, hilean edo urtean bitan ohea bero izango dutela bermatzeko erabiltzen duten gizonak. Inoiz aitortuko diote elkarri hasieratik gidatu dituen engainua? «Familia klasiko batean umeak izateko ezkondu nintzen, zurekin maiteminduta egon ez arren». «Nire bizitza tristean kanpaia jotzea jarduera sexual bakarra izan ez dadin nago zurekin, ez maite zaitudalako». Porca miseria. Joera ez da oso ulergarria, orain gurasoak izateko beste bide batzuk badirela kontuan badugu. Platonic coparenting deritzona da horietako bat, amodio erlaziorik gabe haurrak elkarrekin izaten dituzten pertsonen arteko erlazioa. Gero, elkarrekin hezten dute umea, derrigorrez elkarrekin bizi gabe. Umea nahi zuten biek eta itun hori adostu dute. Bai, ez da oso erromantikoa —amodio erromantikorik tartean ez dagoelako, hain zuzen ere—. Hotzagoa da. Hotzagoa, baina itxura hutsean oinarritzen den gurasotasun erlazioa baino benetakoagoa. Bai, haurra nagusitzen denean ez da atsegingarria izango gurasoek maitasunik gabe sortu zutela jakitea. Batez ere, oraindik Disney faktoriaren kateetatik askatu ez bada. Hala ere, umeak ez du pentsatuko presio, iruzur edo karanbola baten ondorioz jaio zenik. Izan ere, hain desiratua izan zen, non desio horrek elkar maite ez baina elkar errespetatzen zuten bi pertsona heldu elkartzeko balio izan baitzuen. (…) Horixe iradokitzen du My Name is Lucy Barton eleberriaren sortzaileak. Andreari zergatik ez dion dena kontatzen galdetu dio lagun batek gizonari. «Uste dut bizitzan badirela gauza batzuk, besteei esaten ez dizkiegunak». Emazteari ez, behintzat. Senarrari ere ez. Arikulu osoa, hemen |