Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Zer da anakolutoa?
Anakolutoa figura erretoriko bat da, zeinaren bidez esaldi baten garapenean aldaketa bat ematen baita; alegia, hasitako esaldia jarraipenik gabe uzten da edo uste ez zen bezala amaitzen. Horren ondorioz, joskera hausten denez, komunztadura edo koherentzia eza gertatzen da; beste era batera esanda, esaldiaren barruko elementu batzuk (subjektua, aditza, objektuak…) ez datoz bat.
Lagunarteko hizketan maiz agertzen da:
ERABILERA OKERRA:
Zuetako bat ados ez badago, esan dezatela.
Zuetako bat ados ez badago, esan dezakezue.
ERABILERA ZUZENA:
Zuetako bat ados ez badago, esan dezala.
Zuetako bat ados ez badago, esan dezake.
Literaturan, askotan, berariaz erabiltzen da; adibidez, hizkuntza mintzatua imitatzeko, hizkuntza nahita bortxatzeko, irakurlearen arreta erakartzeko edo elokuentzia iradokitzeko (barne-bakarrizketa gisa idatzitako testuetan).
“Iya guriak egin du, badegu zeñek agindu, ez oraindik umildu:
alkarrengana bildu, gerra nai duben guziya, berari kendu biziya!.“ (Xenpelar, 1869)
Ahozkoan, komunztadura eta koherentzia eza unean bertan zuzendu daiteke, eta, beraz, ez da hain kaltegarria. Hizkuntza idatzian, berriz, kontu handiagoz ibili behar dugu; ez dezagun ahaztu koherentzia, kohesioa eta komunztadura testugintza gidatu behar duten balioak direla, eta, ondorioz, helburu literariorekin erabili ezean, komeni dela anakolutoak saihestea.
Hona hemen gaiari lotutako adibide batzuk:
ERABILERA OKERRA:
Batzuetan Gasteiz eta besteetan Bilbora joaten gara lanera.
Batzuetan jolasean eta besteetan haserretzen dira.
Ez dugu lehorterik nahi udan, eta uholdeak neguan.
Elur eta euriteak izango ditugula esan dute telebistan.
Gehiegi ikaste eta nahikoa atseden ez hartzearekin ez diogu gure osasunari mesederik egiten.
ERABILERA ZUZENA:
Batzuetan Gasteizera eta besteetan Bilbora joaten gara lanera.
Batzuetan jolastu eta besteetan haserretu egiten dira.
Ez dugu lehorterik nahi udan, ezta uholderik ere neguan.
Elurte eta euriteak izango ditugula esan dute telebistan.
Gehiegi ikastearekin eta nahikoa atseden ez hartzearekin ez diogu gure osasunari mesederik egiten.
Animatuko zara esaldi hauek zuzentzera?
Letra lodiz nabarmendu ditugu idazketa aldatzeko proposamenak