Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Esperanza, esperantza …
Hori ustekabea! Bilbao BBK Live festibalera joateko autobusa hartzera joan eta kartelak irakurri ditu musikazale euskaldunak: itxaropen gabe igo / sube sin esperas / get there without waiting. Itxaropen gabe igo. Marka da gero! Zer esperantza, zer itxaropen baztertu behar du? Musika ona adituko duen itxaropena? Udan sexu infekzioetatik babesteko banatzen diren kondoiak erabiliko dituen esperantza? Hori gutxi ez, eta beste kartel bat ikusi du euskaldunak San Mamesen: hartu zure eskumuturra / recoge tu pulsera / pick up your wristband. Ondo. Badakigu zer egin behar duen BBK Livera doan euskaldunak: itxaropenik ez izan eta eskumuturra hartu. Eskuburdinak jartzea besterik ez du behar. Nork euskaratu ditu testu horiek? Erdaratik egindako itzulpena izan baita. Espainieraz edo ingelesez recoge tu muñeca, pick your wrist up bezalako axolagabekeriek lotsagorritu egingo lituzkete gure jaun-andre antolatzaileak. Euskaraz izatekotan, ez. Eskerrak erdarazko hitza pulsera izan den. Muñeca izan balitz, hartu zure panpina irakurriko genukeen, agian. Badakizu: ez izan Kobetamendin txortan egiteko itxaropenik. Hartu panpina eta harekin alaitu kanpina. Kobetamendira itxaropen gabe abiatzeko gonbita egin zigun BBK Livek, ostegunean. Egun horretan ere itxaropenik ez izateko esan zigun Espainiako Auzitegi Konstituzionalak (…). |