Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Elkarrizketa
Azken urteetan izandako mobilizazio handietatik abiatuta, egun ezkerrean eta gizarte mugimenduetan dauden eztabaidei eta korapiloei heldu die Jule Goikoetxea EHUko zientzia politikoetako irakasleak:
Klase kontzientzia, ordea, murriztu egin da, eta, adibidez, ezkerraren akatsei egozten zaie langileek eskuin muturrari bozkatzea. Kapitalismoak ez al ditu abiatu kontzientzia desaktibatzeko hainbat mekanismo?
Noski. Kapitalismoa beti saiatuko da bereganatzen kontzientzia edo politizazioa sortzen duena. Baina analisia konplexuagoa da.
Marxek ere esaten zuen: jende gehienak ez du borroka eta emantzipazioa nahi, baizik eta ondo bizi, normala izan, maitatua eta onartua izan; beraz, jendea obedientea da.
Zer sistemak irabaziko du? Jende gehiago normalitatearen zirkuluan sartzea lortzen duenak. Normalitateak ongizatearen ordez gaizkizatea dakarrenean hasten dira eztandak.
Zergatik bozkatzen diote langileen erdiek eskuinari? Ezkerraren diskurtso emantzipatzaileak ez bazaizkio interesatzen langileriaren parte bati, arrazoietako bat da langile horiek ez datozela bat ezkerraren balioekin. Agian onartu behar dugu gizartearen parte bat kontserbadorea dela hala nahi duelako, ez engainatua dagoelako; pertsona horiek autonomoak direla, ezkerra bozkatzen dutenak bezainbeste, behintzat. Hori eraldatzeko, egitura objektiboez gain, subjektibizazioa ere aldatu behar da: desioak, mundu ikuskera…
Beste korapilo bat: zer da eskubide eta zer da pribilegio?
Gauza bera izan daiteke eskubide eta pribilegio, testuinguruaren arabera, eta hor dago pentsamendu konplexua. Baina kontuz: pertsona guztiek eskubide bat ez edukitzeak ez du pribilegio bihurtzen.
Adibidez: etxebizitza bat edukitzea ezin da pribilegio izan, eskubide bat da; etxe bat duenak, favela batean bizi denaren alboan, pribilegio bat dauka zentzu etimologikoan, baina politikoki ez zaigu interesatzen horri pribilegio deitzea, nahi dugulako denek edukitzea eskubide hori;
aldiz, interesgarria da aztertzea zergatik batzuek ez duten eskubide hori. Erabiltzekotan, pribilegioaren kontzeptuak balio behar du seinalatzeko boterea duen posizio bat: adierazteko boterea eta dominazioa egituratuta daudela; menderakuntza sistemak ez dira aldatzen pertsona batek posizioz aldatzen duelako.
Maite Asensio Lozano. Berria (moldatua)