Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
BARNE Hiztegi batuak txartzat jotzen du –EN BARNE EGON, eta –EN BARNEAN EGON proposatzen du: Jardunaldien barne, hitzaldia izango da gaur. Jardunaldien barnean, hitzaldia izango da gaur.
Proiektuaren barne, ondorengo baliabideak dituzu eskura. Proiektuaren barnean, ondorengo baliabideak dituzu eskura.
Liburuak bere barne hartzen ditu honako gai hauek ere. Liburuak barne hartzen ditu honak gai hauek ere. Liburuan barnean hartzen ditu honako gai hauek ere.
Egoki da barne, hala ere, aposizio gisako egitura hauetan: Jesusek deitzen ditu gizon guziak, tippienak ere barne. Jokabide hau desegokitzat jotzen dute gehienek, Mitxelena barne.
Ohar bat azken adibide horretako komunztaduraz: barne ez doa ergatiboan, nahiz perpausean ≪gehienek≫ ergatiboa agertu; izan ere, tartean etena dago, eta ≪Mitxelena barne dela≫ adierazten da. Beste esanahi batekin ere erabiltzen da barne ekialdeko euskalkietan:
Paris aldean, kasu berri zenbait agertu dira denbora guti barne. (‘denbora gutxian’) Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Patxi Petrirena |
Poesia
Heldu eskutik,
goazen bizikletaz hondartzara,
ekarri arrosa koloreko kometa,
ekarri pintura eta koadernoak.
Goazen pintatzera lakuak,
herensugeak, tximinia duten etxetxoak.
Margotu dezagun etorkizuna,
egin ditzagun figurak harean,
hitz egin dezagun zeruari begira,
hitz egin dezagun koloreei buruz,
irribarreez, malkoei buruz, libertateaz.
Eta egin dezagun mundu berri bat
marea igo baino lehen,
mundu berri bat hareazko figurez
eta marrazturiko pinturez.
Atondu orrialdeak eta harea,
eta itxoin dezagun atzean eta
begira dezagun itsasoa aitzinatzen,
ezarian-ezarian gerturatzen.
Eta ikusiko dugu nola olatuek
gure mundua itotzen duten,
baina gu triste jarriko ez garenez
itsasoak atzera egingo du
eta bihar berriro hondartzara
itzuliko gara bizikletaz.
Behin bakarrik bada ere,
heldu eskutik,
goazen bizikletaz hondartzara.
Beñat Sarasola
Irudia: Barrel On
Bloga
Iparraldeko neska blogetik jasoa. Castillo Suarezen bloga Berria egunkariaren sarean agertzen da. Blog honetan Castillo Suarezek hainbat idazleren (gehienak emakumeak) testu hautatuak jartzen ditu, zaharrak zein berriak, gertukoak zein urrunekoak, jatorrizkoak zein itzulpenak, baina guztiak ere bihotzeraino iristen diren horietakoak.
Jabier Oses Azurmendi
Hizkuntza normalizazioko teknikaria
Kultura eta Hizkuntza Politika Saila