Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
berdin/desberdin (bestearen desberdina) (*-(e)z desberdin)
Bi gauzaren berdintasuna adierazteko, hau eta bestea berdinak dira esaten dugu, edo hau bestea bezalakoa da eta hau bestearen berdina da. Azken horren analogiaz —eta (es) ‘diferente de’, (fr) ‘différent de’, ‘distinct de’ esamolde(ar)en eraginpean—, <-en desberdin> (eta <-en bestelako>) egitura tokia kentzen ari zaie askoz gehiagotan erabili izan diren beste batzuei:
Inguratu, ilara bakoitzean, ereduaren desberdina den elementua (> ereduaren aldean desberdina den / eredua bezalakoa ez den / eredua ez bezalakoa den / ereduaz bestelakoa den).
Bortxatua gertatzen da <-ekiko desberdin> egitura ere, eta arruntagoetara jotzea da egokiena (→ -ekiko atzizkia):
Garapen afektiboa kognitiboarekiko desberdina da (> Garapen kognitiboa eta afektiboa desberdinak dira / Garapen kognitiboa eta afektiboa bi gauza (desberdin) dira / Bi gauza dira, aski bestelakoak, garapen kognitiboa eta garapen afektiboa / Ez dira gauza bera garapen kognitiboa eta garapen afektiboa).
Okerra da <-z desberdin>:
*Zutaz desberdina da (> Zurekiko desberdina da / Zure aldean, desberdina da / Desberdina da zure aldean / Zu ez bezalakoa da / Ez da zu bezalakoa).
*Hartaz desberdina da (> Harekiko desberdina da / Haren aldean, desberdina da / Desberdina da haren aldean / Hura ez bezalakoa da / Ez da hura bezalakoa / Haren aldean bestelakoa da).
KALKOA. Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela dio (ezberdin sarrera): “Udaleko alderdi politiko ezberdinak eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak udaleko alderdi politikoak eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du”.
Erdarazko (es) (los) diferentes, (los) distintos, (los) diversos / (fr) (les) différents hitzen erabilera jakin batetik dator arazoa (ez baitute halakoetan diferentzia edo bestelakotasuna adierazten, baizik eta bat baino gehiago izatea edo —los/les artikuluarekin— guztiak izatea).
*Gai desberdinak tratatuko dituzte (> hainbat gai, zenbait gai, gai batzuk).
*Berek asmatutako formatu desberdinetan aurkeztu zuten egitasmoa (> formatuetan).
*Legebiltzarreko alderdi desberdinak bat etorri ziren bozketan (> alderdiak / alderdi guztiak).
*Landare desberdinak ernetzen dira (> era askotako landareak).
*Komunikabide ezberdinetan agertu da hori (> hainbat / zenbait komunikabidetan / batzuetan).
*Mota desberdine(ta)ko itemak dituzten jarduerak dira (> Era bateko edo besteko / zeinek bere itemak dituzten jarduerak dira).