Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Ohe azpiko munstroa naiz. Ez nauzu inoiz ikusi, agertzen zarenean zure buruan ezkutatzen naizelako. Zure buruan nago begiratzen duzunean eta ohe azpian begiratzen ez duzunean. Inoiz ez dizut orkatiletatik heldu maindireak aldatzen dituzunean, eskurik ez dudalako. Ez dizut inoiz kosk egin ahorik ez dudalako. Ez didazu inoiz usaindu usainik ez dudalako. Ez nauzu inoiz harrapatuko ez naizelako existitzen. Dena den, kontuan izan existitzen ez diren gauzak, paradoxikoki, existitzen direla, eta horiek direla eragozpen handienak eragiten dizkigutenak. Jainkoak, existitu beharrik gabe, lehorte luzeek baino heriotza gehiago eragin ditu eta eragiten ditu. Jainkoak, existitu gabe, milioika emakume burua eta aurpegia estalita joatera behartzen ditu. Existitu gabe, duela gutxi Salman Rushdie hiltzeko zorian egon zen. Existitu gabe, munduko diktadurarik krudelenak babesten eta mantentzen ditu. Existitu gabe, milaka errugabe bidaltzen ditu egunero urkamendira. Existitzen ez bada ere, Lurrean ordezkariak ditu, eta horien bidez jakinarazten du zer dagoen ondo eta zer gaizki.
Akatsa da existitzen ez dena existitzen ez dela pentsatzea. Nik neuk esaten dizut, ohe azpiko munstroak. Milioika umek negar egiten dute gauero lokartu aurretik, gurasoek ziurtatzen dietena sinetsi gabe, nire presentzia beren gorputz hauskorretatik zentimetro gutxi batzuetara nabaritzen dutelako. Badakite nahi dudanean jan ditzakedala. Sudurra izango banu, haien izua usainduko nuke, izuak lore hil eta ustelen usaina baitauka, nik uste. Jakin nahi duzue zergatik ez diren zuen zapatak goizean agertzen ohean sartzean utzi zenituzten leku berean? Zeren nik pentsamenduarekin aldatzen baititut, pentsamendurik ere ez dudan arren.
Hori guztia irrealtasunarekin kontuz ibiltzeko esateko zen. Izan ere, ezikusiarena egiten tematu arren, eragin handiagoa du zuen bizitzetan benetakoak baino. Gabon.
Juan José Millas