Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
BETIKO eta BETIRAKO
Euskaltzaindiak bokalez amaitutako aditzondoekin –KO erabiltzea gomendatzen du. Beraz, erabiliko ditugu betiko, atzoko, etziko, luzaroko, geroko, eta ez betirako, atzorako, etzirako, luzarorako, gerorako.
Adibideak:
Gizakiok ez gara betiKO. Gizakiok ez gara betiRAKO.
EtziKO egongo zela esan zenidan. EtziRAKO egongo zela esan zenidan.
Horiek geroKO utziko ditugu. Horiek geroRAKO utziko ditugu.
AtzoKO eginda egon behar zuen. AtzoRAKO eginda egon behar zuen.
Hala ere, Euskaltzaindiak bere garaian hartutako erabaki guztiek ez dute arrakasta bera izan, eta honek baditu bere gorabeherak. Ibon Sarasolak bere iritzia ematen du betiko eta betirako hitzen gainean. Sarasolak, idazle onen adibideak emanez, argi ikusten du gaur egun betirakok betikok ez dituen ñabardurak dituela, eta hortaz, biak dira onartu beharrekoak haren aburuz.
Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere biak dakartza (Habe Ikasbil).