Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Hizkuntza normalizaziorako teknikaria
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Euskaltzaindiak eguneratu du bere hiztegia Akademiak eguneratu du bere hiztegia. Azken sei hilabeteotan 592 forma berri jaso ditu hiztegian, 427 sarrera eta 165 azpisarrera. Besteak beste, queer, nezeser, koronabirus, zaurgarritasun, nahasmendu bipolar, asanblada, trajeria, euste, birziklapen, dedio, aurri, txantxiku, ustiaketa, zupatu, telelaguntza, hitzemate, pirateatu, esanbidezko, gobernantza, telelaguntza edo heteropatriarkal ageri dira berrikuntzen artean. Berrikuntza guztiak, hemen. Aipatzeko modukoa da lehen baztertutako hitz batzuk berreskuratu dituela, «Euskaltzaindiak ez erabiltzeko esanda ere, hitz horiek bidea egin dute, jendeak erabili dituelako. Beraz, erabiltzen bada, beharra dagoen seinale izango da. Hori da ezarpena: tarteka, dabilena berrikusi eta, kasurik ez badigute egin, guk atzera egin. Gure egitekoa dabilena jasotzea baita». |
Artikulua
Ostikada
Bi silabakoa da aspaldian entzun dudan ateraldirik handiena. Bi lagun elkarrekin berriketan ari ziren hirugarren bati buruz. Harritzekoa iruditu zitzaion bati ostiral iluntzeko txikiteora laguna ez azaldu izana. Ahal zuenero irteten zen etxetik hura, zela sagardotegira, zela tabernara, zela… Egunero zebilen parrandan. Ez zen etxean egon zalea. Azalpena eman zion lagunak: «Fermin ez duk etorriko. Etxean zagok konfinatua. Berak ez, baina emazteak positibo eman dik». Orduan etorri zen ateraldia. Bi silaba soil. Zartateko izugarria. «Eta?».
Bi silabakoa da aspaldian entzun dudan kirtenkeriarik handiena. Concepción Dancausak, Madrilgo Komunitateko Gizarte Politikatarako Kontseilariak, bota berri du. Hiru aldiz, gainera. Gazteleraz esan zuen: «Las personas con LGTBI…». «LGTBIrekin dauden pertsonak…». Bi silaba: -rekin. Mundu baten isla diren bi silaba soil. Homosexual edo lesbianak elgorria, kukutxeztula, minbizia edo esklerosia daukaten pertsonekin berdintzen dituzten bi silaba. Gizarte kontuetan arduradun denez, pentsatzekoa da emakume honek ahaleginak eta sosak «LGTBI daukatenak sendatzera» bideratuko dituela.
Lehen ostikada hizkuntzara izaten da beti; bigarrena, jada biktima lurrean datzala, gibelera; saihetsetara hurrengoa…
Argazkia
Eguneroko bizitzako ekintzak, konturatu gabe, askotan oharkabean pasatzen dira. Bizikleta ibilaldi bat, haur batzuk kalean jolasean … ohikotasunez ikus daitezkeen irudiak dira. Argazkian, ordea, haur batzuek bizikletan doan beste haur bat urarekin bustitzen ari dira Myanmargo Thiangyan herrian, Uraren Jaialdiaren barruan. Ura nagusi den jolas horren bitartez Birmaniako biztanleek aurreko urteko bekatuak garbitzen dituzte urte berriari hasiera emateko.