Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Pasartea
Denbora sobran al duzue?
…edo laburregia egiten zaizkizue egunak? Erosiko al zenituzkete ordu batzuk zuen gustuko gauzak egin ahal izateko?
Anjel Lertxundik denborari buruzko hausnarketa egin zuen Berrian.
Ordu-denda
Aspaldi zaharrean irakurri zuen Leteren lehen liburua, tituluan Orduen gurpilean esaten duena. Baina eskarmentuak irakatsi dionez, denbora faltaren gurpilean bizi da bera. Ez da iristen, laburregiak egiten zaizkio egunak eta gauak. Berari laguntzeko sortuak omen diren trepetek areago kateatzen dute, bere denboraren lapur balira bezala sentitzen ditu.
Ordulariari begiratu dio. Suspirio bat. Erloju dendak dauden bezala, ordu-dendak ere baleude; orduak erosterik balu, itota dabilenerako; erositako orduekin arintzerik baleuka iritsi ezin ia egunerokoa…
—E, aizu, bi ordu, bihar gauerako. Orduak iazko prezio berean segituko du, ezta? Ederki, jarri biak, mesedez…
Larrutik daki, ordea, denbora ezin dela aurreztu, ez dela biltegietan pilatzen den gaia, ezin dela pakete batean bildu opari bat egiteko. Hala ere, ordu-denden ametsetan bizi da. Horrek ere zenbat lotuko lukeen, ez zaio burutik pasatzen.
Printze txikiak erantzun polita ematen dio gure gizarteko arazo horri:
– Egun on – esan zuen Printze txikiak.
– Egun on – erantzun zion dendariak.
Dendariak pilulak saltzen zituen, egarria asetzeko pilulak.
Astean bat hartuta ez duzu gehiago edateko beharrik sumatuko.
– Zergatik saltzen duzu hori? – galdetu zion Printze txikiak.
– Denbora asko aurrezten duzu – erantzun zion dendariak. Adituek kalkuluak egin
dituzte: aste bakoitzeko berrogeita hamar minutu aurrezten dituzu.
– Eta zer egingo dut berrogeita hamar minutu horiekin?
– Nahi duzuna egin dezakezu…
“Nik, esan zuen Printze txikiak bere baitarako, berrogeita hamar minutu gastatzeko
izanez gero, iturri baterantz ibiliko nintzateke, mantso-mantso…”
Itzal handiko printze txikia
80 urte dira ‘Printze txikia’ lehenbiziko aldiz argitaratu zela, eta pizten duen ikusmira ez da apaldu. Gaur egun, 500 hizkuntza edo dialekto baino gehiagotan irakur daiteke nobela. 1985ean euskaratu zuten lehen aldiz.