Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Elkarrizketa
Paki Cortes ehorzleak (Iruñea, 1964) hilerrian lan egiten dutenen irudi goibel eta tradizionala hautsi nahi du: pala sorbaldan duten gizonak, bakartiak eta ilunak. Cortes duela hogei urte hasi zen Iruñeko San Jose hilerrian lanean, eta konturatu zen ehorzleen irudi ilun hori guztiz okerra zela. Heriotza hitza ez da xuxurlatzen lurperatzaileen artean, errutinazko kontua bihurtzen da, eta, batzuetan, umore pixka batekin tratatu ere bai. Domu Santu egunaren atarian, Cortesek eta haren lankideek hilerria prestatzen dute bisitan joaten direnentzat, nahiz eta urtetik urtera gero eta gutxiago izan. Belarra moztu, hilobiak garbitu, loreak prestatu eta hil direnak bisitatzera doazenak laguntzeko prest dago. Prestaketa guztiak egiten dituen bitartean, hilobietan idatzitako izenak irakurtzen ditu Cotesek; batzuk aspaldiko ezagunak, bera hilerrian hasi baino lehenagokoak. Beste izen batzuk lagun berri bihurtu dira.
(…) Hasi zinenetik emakume ehorzle gehiago daude?
Egoera ez da asko aldatu, oso emakume gutxi gara oraindik. Gertatu izan zait gurdia nik eramatea, lankideak atzean egotea eta hilerrian zegoen norbaitek esatea: «Bi gizon hor, eta gurdia emakumeak eraman behar izatea ere!». Eta panteoi batean hilkutxa eramateko laguntza eskaini izan didate, uste baitute ezin dudala bakarrik egin. Ez dago konpondu ezin izan dudan panteoi bakar bat ere. Emakume gisa borrokatu behar izan dut erakusteko besteek egiten duten lan berbera egin dezakedala.
Dolua eramateko modua ere aldatu da?
Guztiz. Lanean hasi nintzenean, jendea ilundu arte geratzen zen hilerrian Domu Santu egunean. Lehen, dolua era zorrotzean eramaten zen; koloretako arropa bazenuen, hildakoaren familia iraintzen zenuen. Erlijioarekin lotuta dauden erritu eta ohitura horiek aldatu edo indargabetu egin dira. Kristau erlijioak oraindik ez du ontzat jotzen gorpuak erraustearena, baina gero eta kristau gehiago erretzen ditugu.Zein da zure lanbidean ikusi duzun gauzarik bitxiena?
Asko izan dira. Adibidez, Opus Deikoen hiletetan, hildakoa emakumea bada, emakumeak bakarrik etortzen dira hiletara; eta gizona bada, gizonak bakarrik. Emakume bat hiltzen bada, baliteke hurbileko bi gizon egotea, baina ez da ohikoa. Bitxia iruditu zitzaidan. Hilerrian egun aspergarririk ez dago, beti gertatzen da zerbait: apaiza ez da garaiz iristen, dena berandu hasten da, zerbait galtzen da bidean…