20220726 - bost minutuko ikastaroa

Bost minutuko ikastaroa: egitura inpertsonalak / Anari / ‘Nola galdu’


Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Artikulua

Anari: «Erreka transmititu behar da, eta ez putzua»

Bera kantuak egiten imitazioz eta bulkadaz hasi zela kontatu du musikariak. «Hasten zara imitatzen, aldatzen duzu akorde bat, ohartzen zara hori ja beste zerbait dela, eta hor duzu zure lehen kantua». Bidean aurrera egin ahala, ordea, «kontzienteegi» bilakatzen da sortzailea, Anariren esanetan —«beti dago hor: nola zen ezer ez nekienean?»—, eta uste du jasotakoaren eta norberak jartzen duenaren arteko jokoa indartzen dela orduan: «Badaude musikari oso birtuosoak, baina agian ez dutenak hainbeste ematen berenetik, eta niretzat hor dago artista baten garapena». Eta hor gakotzat jo du hizkuntzaren aldagaia, nor bere hitzetatik aritzea.

Kantua hitzaren, melodiaren eta interpretazioaren arteko nahasketa baita Anarirentzat —interpretazioa, hots, kantaera eta produkzioa—. «Abesten hasi nintzenean, nire entzulea gehiago zetorren musikatik, eta orain gehiago dator hitzetatik». Bere garapena ere halakoxea izan dela azaldu du, eta egun, batik bat, hitzetan jartzen duela indar gehiena. «Biak dira garrantzitsuak, baina orain gehiago delegatzen dut produkzioa». Abesti bati eskatzen diona, baina, bien arteko lotura albait finena izatea dela esan du, eta irudipena du Zure aurrekari penalak diskoko (2015) Luizia abestian lortu duela hori orain arteko ondoena. «Hitzaren progresioa akordeen progresioari lotuta dago».

Hitzarekiko loturaz ari, Hautsi da anphora (1980) beretzat izan zen «leherketa» oroitu du kantariak —Ruper Ordorikak Bernardo Atxagaren Etiopia-ko (1978) olerkiak musikatu zituen bertan—. «Gu hortik gatoz», itzuli da jatorriarekiko gogoetara, baina ohartarazi du, halaber, tradizio horrek albo kalterik ere eragin duela: «Uste dut Euskal Herrian gehiegi lotu dela letra on bat poetizazioaren kontzeptuarekin. Nik ere urte askotan pentsatu dut poemak ziruditen abestiak abesti onak zirela; orain ez dut halakorik pentsatzen». Eta adibide bat: «’Etorri azkar, zain nago’, hori bakarrik izan daiteke kristoren letra».

Poema liburuetan abestietarako izpiak topatu ordez, bestelako lekuetan bilatu ditu horiek azken diskoetarako. Prentsan, kasurako. Hala idatzi zuen Piromania, mendiari su ematea maite zuen Galiziako emakume baten istorioaren berri El Mundo-ko artikulu batean irakurri ostean.

Anari

Itziar Ugarte Irizar. Berria

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude