Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Agur, familia, agur
(…) Familia apurtzen ari zaigu. Hala diote. Tira, maitasun harremanetan eboluzioa izan da, ezin ukatu. Horren berri eman zuen Zygmunt Bauman soziologoak Maitasun likidoa liburuari buruzko elkarrizketa batean. Haren ustez, harremanetan sartu bezain laster irteera posibleak aztertzen hasten gara orain. «Ea nola ateratzen den», pentsatzen dugu. Hauskortasuna dakar horrek. Ez dugu egia onartu nahi: bikote batek zailtasunak aurkituko ditu bidean. Hainbat gairi buruz negoziatu beharko du: iragana, lagunak, ohiturak, lehentasunak… Horrek lana eskatzen du. Irteera hain erraza dela badakizu, desadostasun txikienak lehertuko du erlazioa. Soziologoaren arabera, lehen, irratia konpontzera eramaten genuen. Egun, berria erosten dugu. Harremanetan antzera gabiltza: bota eta berria erosi. Azken batean, maitasuna kontsumo produktu bihurtu dugu. Baumanen iritziz, errezeta bakarra dago: gogor lan egitea. Irtenbidea ez da arazo txikiena dagoenean harremana moztu, web orri batean sartu eta hitzordu bat lortzea.
Lagun batek kontatu didanez, harremanek iraungitze-data dutela uste dute gazteek —ez nuke esango soilik haien kontua denik—. Harremanak uste baino luzeago irauten badu, urduritzen hasten dira. Ez daude eroso. Ondo pasatu eta larrutan egin baino zerbait gehiago etorriko ote den susmoa badute, bestelako sentimenduak agertzen badira, beldurtu egiten dira. Ez dute harreman horretan sakondu nahi.
Horren adibidea da bi neska gaztek TikTok-era igo duten bideoa. Udarako planak azaldu dituzte. Bikotekidea utziko dute, sasoi horretan libre izan eta beste mutil batzuekin egoteko —hori ere berdintasuna da. Edo soilik mutilek dute zilegi hala jokatzea?—. Ez dute, ez dugu konpromisorik nahi. Hala ere, ahaztu egiten dugu konprometituta gaudela: geure bakardade huts hitsarekin konprometituta; konpromisorik inoiz ez izateko konpromisoarekin konprometituta.