Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Pasartea
Pertsona ona izatea
Ona izate horrek, berez, hots ederra du berekin edozeinen bihotz-belarrietan. Berehala itsasten zaizkio, ordea, eragozpenak trumilka. Pertsona ona tontotzat hartzen dela, barregarri uzten dela, burutik behera kaka egiten zaiola; are irenduta bezala gelditzen dela. On hutsa izatea ez dela ona; on-puska edo onkotea izatea gehitxo dela, edo neurriz kanpokoa. Pertsona ona, on-ona, azkenerako, onbehar bihurtzen dela. Filologoak ere bere txanda eskatzen digu adierazteko aspalditik dagoela jasoa eta idatzia euskaraz honako hauxe: “ona bere gaitzarekin”; besterik gabeko edo gaitz-nahasterik gabeko onik ez balego bezala: ez gauzarik eta ez pertsonarik. Filologoak orobat diosku onkeria hitza hor dagoela gure hitzen artean eta, beraz, ona izate hori keria bat izateraino ere irits daitekeela (…)
Iñaki Segurola