Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Poesia
AUTORRETRATUA
Nagia naizenez,
lana beltz egiten dut
indarrak ahitu arte,
gero alferkerian lasai egoteko.
Errebeldea naizenez,
aginduak oro zuzen
betetzen ditut,
gero lasai desobeditzeko.
Maltzurra naizenez,
ahal bezain zintzo
jokatzen saiatzen naiz,
gero gaiztakerian lasai aritzeko.
Eroa naizenez,
arrazoiaren indarrari
arretaz begiratzen diot,
gero nire zoroa lasai bizitzeko.
Bakartia naizenez,
jendetasunaren arauak
zorrotz errespetatzen ditut,
gero nire baitara lasai egoteko.
Berekoia naizenez,
hurkoa zaintzeko ahalmena
azken tantaraino zukutzen dut,
gero neure burua lasai maitatzeko.
Lasai bizi nahiaren
lasai bizi nahiz,
etenik gabeko dardara
urdurian bizi naiz.
Min hartzeko ere
Juan Luis Zabala