Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Hizkuntza normalizaziorako teknikaria
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
erdipurdi Adb .Erdizka, ez ondo ez gaizki. Nolakotasuna adierazteko erabiltzen da erdipurdi, ez ondo eta ez gaizki edo ez hain ondo ere adierazteko. Gauzak erdizka daudela edo erdizka egin direla esateko, erdipurdika egina dela esaten da, hau da, zerbait hala-moduz egina dagoela; bestalde, zerbait ez ona, baina ezta txarra ere ez dela argitzeko, erdipurdikoa dela esan ohi da. |
Artikulua
Erdipurdiko
Zenbait hitzek ez du behar lukeen zamarik hartzen eta beste zenbaitek merezi baino handiagoa hartzen du. Ertaina hitza, esaterako, merezi baino ibilbide luzeagoa egiten ari ote den iruditzen zait. Ez dut kuttuna. Ertaina esan edo idatzi beharrean sumatzen badut neure burua, min hartzen dut. Logikarik gabeko mina segur aski. Baina min.
Kontrakoa gertatzen zait erdipurdiko hitzarekin. Oso gutxitan azaltzen da azaldu behar lukeenerako. Erraza baita deskripzio soila —ertaina— eta zailagoa balorazioa —erdipurdikoa—. Aspaldian ez diot inori entzun honako edo halako film erdipurdikoa iruditu zitzaionik; honako edo halako arotz erdipurdikoa denik; honako edo halako kantariren erdipurdikotasunaz ez dizu inork hitz egingo… Erdipurdi-k galdu du bataila. Egiazko sentimenduak azaltzeko inork ez du erdipurdi-ra jotzen egun.
Haserre zebilen sortzaile batekin hitz-aspertu bat egin berri dut. Nekatua zegoela lan egiteko edonon ate-joka ibili beharraz, esan zidan. Bulegoz bulego jende axolagabe askorekin egin duela topo. «Erdipurdiko asko, ezta?», eman nahi izan nion babes. Erantzunak harritu ninduen: «Erdipurdikoak ez! Okerrago erdipurdikoak baino. Mediokreak!». Bataila ez ezik, gerra ere galdu duela erdipurdiko-k, erabaki nuen.
Andoni Egaña. Berria