Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Iritzia
Nola definitzen dugu KULTURA?
Hona hemen zenbait definizio:
Anjel Lertxundi
“Kulturak egiten gaitu, kultura egiten dugu. Kulturaren kalitatea eta kulturari eskaintzen zaion arreta ez dira batere adierazgarri txarrak herri batek duen garapen demokratikoa neurtzeko.
Munduan egoteko eta mundua pentsatzeko modua da kultura eta bada galderak egiteko eta erne egoteko eta bide berriak saiatzeko eta arriskuak prebenitzeko sistema bat ere.”
Jose Luis Ansorena, Larrun gehigarriaren ale batean:
‘Sexu harremanak noiz, nola eta norekin; jateko ohiturak; lagunartekoak; jaiak ospatzeko moduak; eguna partitzeko aukerak; lanari ekitekoak; arazoak konpontzeko usadioak; bizitzari eta heriotzari nola erantzun era kolektiboan; etxeak eta auzoak antolatzeko gisak; hizkuntzan gorderik dauden logika eta sikologia egiturak… Horixe eta gehiago da kultura. Gu, konturatu gabe ere, talde bihurtzen gaituen arau trinko eta isil ugarien egitura’.
Eta Patziku Perurena Saski bete intxaur liburuan:
“Neretzako kulturaren adierazpiderik nabarmenena eta egiazkoena eguneroko bizimodua da. Zer sentitu duzu barrenetik gaur, zerk harritu zaitu gehien, zertaz ohartu zara koartoko leihoa zabaltzean, nori eman dizkiozu eskerrak, nola maitatu duzu jan duzuna, zertaz oroitu zara galtzerdiak erazterakoan, loak hartu aurretik, zer ez duzu utzi nahi izan biharko… Hor ikusten da norberaren kultura, eta, batez ere, egin gabe ezin utzi diren gauza antzu askotan.”