Mintzanet bere ahotan-uztailak 18

Bost minutuko ikastaroa: Euskaltzaindiaren Hiztegia / Milan Kundera / Zetak & Bomba Estereo


Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pasartea

Milen Kundera idazlea hil da aste honetan. Hona hemen haren ipuin baten hasiera, Carlos Cid-ek itzulia

     Tříska-rengan sinesten dudan arren, hasiera-hasieratik eman nahi dut aditzera ez naizela ezkorra. Aitzitik, bizi-pozerako joera nabarmena dut, eta saiatzen naiz, inguruabarrek baimentzen didaten heinean, joera hori gauzatzen. Atzo, adibidez: Bratislavako ordezkaritza bat izan genuen bisitan gure erietxea, Medikuntza fakultateko irakasle lagunak eta irakasle titularrak, interesaturik zeudenak nire nagusiak gure sailean ezarritako zenbait berrikuntzaz. Ordezkaritzan bazen irakasle lagun bat, emakume eder askoa, niri gustatzen zaizkidan hanka-luze horietakoa. Egun hartako goiz-goizetik dena ederki atera zitzaidanez (huskeriak ziren, baina nik garrantzi handia ematen diet: geralekura iristen ari nintzen unean bertan heldu zen tranbia, nire saileko erizainak egun hartan ez ziren histeriko egon, eta erietxeko tabernako bazkaria jateko modukoa izan zen), neure buruarenganako konfiantzaz beterik nengoen. Izan ere, lehenengo abagunean begirada bat bota nion emakume horri. Begirada hartan zegoen lotsagabekeria, plantazkoa izanda ere, ezinbestekoa izaten omen da, baieztatu ohi denez, emakumeak zirraratzeko. Eta deskuiduan nire ikuskapen-gelan segundo batez egon ginenean elkarrekin, edozein aitzakia baztertzen zuen naturaltasun zirtolariz proposatu nion biharamunean elkar ikustera.

      Abentura txiki honek (zehatzago esanda, abentura-promesa honek) bete egin ninduen hurrengo, hau da, gaurko goizera arte iraun didan poz-sentimenduaz. Gogoz irrikatzen zuen arratsaren etorrera, zeren oso gustukoak baititut Eslovakiako emakumeak, eta zenbait arrazoirengatik haiek lehenesten ditut txekiarren aldean. Lehenengo eta behin, dotoreagoak dira; bigarrenik, ez dira hain emantzipatuak; eta, hirugarrenik, zoriontasun goreneko uneetan “ioi” esaten dute.

      Nire ezkongai-etxebizitzako su txiki elektrikoan goizeroko nahitaezko tea prestatu, tea edan eta ogitxo bat jan gosari gisa, eta azkar abiatu nintzen tranbiara. Eta berriz ere: tranbia geralekuan zegoen, une batez diru-xeherik aurkitu ezin banuen ere tranbiako begiratzaileak ez zidan errieta egin, eta, hori gutxi balitz bezala, erietxearen ondoko estankoko saltzaileak irribarre egin zidan zigarretak erostera bertaratu nintzenean. Horregatik, poz batean eskaileretatik lasterka igo, nire saileko gelara sartu, eta axolagabeki jantzi nuen neure bata zuria.

      Alžbĕta erizainak, atetik burua aterata, honela esan zuen:

      –Doktore jauna, gizon bat daukazu zain atzeko korridorean.

      Korridorera irten eta begiratu bat egin nuen. Hantxe ikusi nuen. Besoak luzatu zituen, eta Zoritxarrak berak besarkatu nahi banindu bezala sentitu nintzen.

Ipuin osoa, hemen

ANUNTZIATZAILEA
Milan Kundera
euskaratzailea: Karlos Cid
armiarma.eus, 2016

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude