Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Lopetegiren andrea
(…) Zenbat aldiz ez dugu entzun —edo esan— honako esaldi hau?: «Gizajo horrek ez du andrerik edo amarik, kalera hala jantzita ez irteteko esango dionik?». Pentsaera matxista horren beste adibide bat: mundua aldatzen ari da, baina noren ardura izaten da askotan umeen arropa aukeratzea, txikiak eta ez hain txikiak direnean? Nor kezkatzen da —edo haserretu— semea arropak zikin azaltzen denean etxean? —askotan ume hori gizonezkoa da, ez galdetu zergatik—. Etxekoen irudia, marka dira haur horiek. Ama batzuek, uste baino gehiagok, oso sartua dute oraindik txip hau barruan: zer pentsatuko du jendeak, gure semea hala ikusten badu? Ama arduragabe galanta dela. Utzia. Umeak aitarik izango ez balu bezala —ama aita baino sarriago ikusiko duzu semearen zapatak garbitzen—.
(…) Maskulinitatea eta rolen zama. Inor gutxi libratzen da tranpatik. Ahalegin handia egin behar duzu horretaz ohartzeko. Azken oporraldietan opari bat erosi nion lagun baten semeari. Ez ditu bi urte izango. Denda batean egurrezko auto txiki bat ikusi nuen. Koloretsua. Gurpilak ondo mugitzen zituen. Jostailua haurrarentzat hartzea begitandu zitzaidan. Zergatik ez? Gero, pentsatzen hasi nintzen: semea barik alaba izan balitz, kotxe hori erosiko nuen opari moduan? Seguruena, bai. Alta, haurra semea izanda bezain konbentziturik aukeratuko nuen, bi bider pentsatu gabe edo zerbait ustez egokiagorik bilatzen hasi gabe? Seguruena, ez. Neskatoa izanda autoak gustukoak izango ez balitu?
Duela urte batzuk Gipuzkoako gizon batek auto berria erosi nahi zuen. Ibilgailu xumea, egokia lanera joateko, besterik ez. Izan ere, ez du maite gidatzea, beste erremediorik ez dagoenean hartzen du kotxea. Eskualdeko kontzesionariora joan zen. Hor hasi zaio saltzailea kotxe modelo handi eta erakargarrienak erakusten —eta garestienak, negozioa egin nahi du eta—. Bezeroak ezetz, gauza xinpleagoa nahiago duela, konplikaziorik gabea. Auto txiki bat erosi nahi duela argitu dio azkenean. Marrazoak irribarre egin dio. «Badakit. Kotxea zure andrearentzat da, ezta?». Eta gizonak, ironiaz: «Ez, neure buruarentzat erosiko dut. Neure alde femeninoa lantzen ari naiz».
Artikulu osoa, hemen