Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Hizkuntza normalizaziorako teknikaria
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
ezin + konposizioa Oparoa da ezin elementuarekin eraturiko hitz-elkarketa. • ezin> eredua da emankorrena, adjektiboak sortzeko bereziki: adiezin, agorrezin, aipaezin, aitorrezin, asmaezin, aseezin, aplikaezin, aurkiezin, asperrezin, banaezin, elkarrezin (elkartezin), esanezin, ikusezin (ikustezin), eramanezin… • Partizipioarekin eginiko eraketa ere bidezkoa da, ezin aurretik duela (<ezin + partizipioa + –zko>) edo atzetik (<partizipioa + ezin + –ko>) duela; izenlagunak sortzen dira horrela: ezin adierazizko, ezin agortuzko, ezin ahaztuzko, ezin aipatuzko, ezin aitortuzko, ezin asmatuzko, ezin asezko… (lehen molde honek du tradiziorik handiena); adierazi ezineko, agortu ezineko, ahaztu ezineko, mugatu ezineko, osatu ezineko, irentsi ezineko… Adjektibo batzuek –t– hartzen dute tartean, baina salbuespen dira: ulertezin, irakurtezin, neurtezin, ohartezin, onartezin, sinestezin. Berdin gertatzen da zenbaitetan erraz denean osagaia: irakurterraz, sinesterraz. Horren arrazoia, gehienetan, tradizioa da; inoiz molde kakofonikoak saihestea: *ulerrerraz, *irakurrerraz. Izenak ere sortzen ditu (adjektiboak baino askozaz gutxiago): esanezin, ezinegon/egonezin, ezinikusi/ikusezin, ezineraman, ezinbizi, ezin-egin… Badira ezin oinarri hartuta eratorpenez sorturikoak ere: ezindu, ezintasun, ezindura, ezinkizun… Hitz askotan, bi moldeetara joka dezake elkarketan ezin osagaiak: egonezin/ezinegon, eramanezin/ezineraman, ikusiezin/ezinikusi, aseezin/ezin ase, esanezin/ezin esan… [EH] |
Pasartea
Ama ikusezina
Nire semea dagoeneko ez da nirea. Jada ez. Txikia zenean, ahal nuen guztia egin nuen zoriontsua izan zedin. Nahiz eta berarekin pasatzeko nahi adina denbora ez eduki. Hor egoten saiatu izan naiz beti. Harrituta begira nire gorputzari, nola hazten zen, nola hartzen zuen tarteka nire antza: ilearen kolorea, begirada, keinuak. Nola, gero eta helduagoa egin ahala, niri aurre egiteko beharra sentitzen zuen; hiltzeko aitarik ez zuenez, nola bilakatu ninduen ni bere gaitz guztien erdigune. Zelako mina, zelako ariketa niretzat segur aski hala behar zuela onartzea.
Inor traizionatu behar zuela nire semeak, inor atzean utzi, munduan bere lekua topatze aldera. Ikusezin bilakatu ninduen, bere bizitzako pertsona berriengan,, aurpegi berriengan, gorputz berriengan jarri zuen arreta osoa. Eta neu oroitzapena besterik ez nintzen bilakatu, semeak tarteka begiratzen zuen norbait,, baina ikusi…gero eta ikusezinago egin ninduen.
Eta tarteka, bere aitaren, nire behinolako maitale dagoeneko ahantziaren keinuen oihartzuna ikusten nion. Nola da posible? Ze misterio klase da naturak DNAn tatuatzen duena? Zer nolako garrantzia eman behar zaio horri? (…)
Oier Guillan Bermudez
Aire Ikusezina