Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
EZTA ala EZ DA?
IDAZKERA: Etorriko zara, ezta / ez da? Euskaltzaindiak ez du araurik eman auzi horretaz; beraz, ‘ezta?’ nahiz ‘ez da?’ idatz daiteke oraingoz.
Jakin beharrekoa da, ordea, ‘ezta?’ forma fosildua dela nagusi bai tradizioan, bai gaur egun ere.
Hala ere, tradizioko forma zaharragoak erabili nahi izatera, ‘ezta hala?’ baino egokiagoak dira bereiz idatzitakoak (horietan ‘ezta?’ ez doa bera bakarrik): ez da hala?, ez al da hala?, hala ez da? eta abar.
AHOSKERA [87.araua].
Hizkera zainduan, ez partikulak eragindako hots-uztartzeak kontuan hartu behar dira. Batzuetan arauz:
- ez + <d-> → [ezt-]: <ez daki> [eztaki], [*ezdaki]
- ez + <z-> → [etz-]: <ez zait> [etzait], [*ez zait]; <ez zuen> [etzuen], [*ez zuen]; <ez zara> [etzara], [*ez zara]
Eta, beste bi kasu hauetan, hobespenez:
- ez + <b-, g-> → [ezp-, ezk-]: <(izan) ez balitz> [ezpalitz]; <ez gatoz> [ezkatoz]
- ez + <n, l> uztartzean, bi ahoskera moldeak dira zuzenak: <ez nuke> [enuke/eznuke], <ez luke> [eluke/ezluke].
Euskara Batuaren Eskuliburua