Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Cira Crespok, Jakin.eus-en argitaratutako artikuluan, Arabako Arte Ederren Museoko GU artelanaren berri ematen digu, eta EMSIME webgunea ezagutzera eman…
(…) Eraikin eder hartan sartu nintzen, eta, hasteko, museoari bisita azkar bat egin nion. Beheko solairura jo nuen. Elias Salaberriari eskainitako areto txiki bat dago bertan, eta berriro ere liburuan izan nuen sentsazio bera izan nuen margolanaren aurrean jarri nintzenean. Museoko hartan, Euskal Herriko gizon-emakumeen irudi estereotipatu eta idealizatuen artean, bazen ezberdina zen zerbait: Elias Salaberriaren benetako pertsonaiak. Han ere, Gu margoa, bikaina. Ondoan, bere beste maisulan batzuk: La procesión de Lezo eta Cambio de turno en la fábrica. Guztietan, pertsonalitate sakonak, begirada zuzenak, ilunak, konplexuak eta duinak. Margoak zuzenean ikusi eta gero, liburutegira abiatu nintzen. Gela txiki bat da, eta hiru emakumek egiten dute lan. Mahai bat utzi zidaten, eta Elias Salaberriari buruzko liburu batzuk ekarri. Batek komentatu zidan:
– Ezagutzen duzu EMSIME webgunea? Han «Euskadiko museoen bildumak» agertzen dira, margo bakoitzari buruzko informazioaren estekekin.
– Ez, ez dut ezagutzen.
– Ba, pena da. Jende gutxik ezagutzen du, eta hori da, batez ere, guk hemen egiten dugun lana. Webgunearen informazioa osatzen eta zuzentzen dugu.
Eta pentsatu nuen, a zer nolako garaiak, gureak. Zenbat jende gela txikitan lanean, ordenagailuei begira, idazten, eskaneatzen, digitalizatzen, proiektu interesgarriak sortzen…, eta zein interes eta baliabide gutxi ahalegin horien fruitua gizartera zabaltzen eta ezagutarazten. Baina beno, orain badakizue: EMSIME webgunea, Gu margoari edo beste zeinahiri buruzko datu biziki interesgarriak aurkitzeko.