Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Hizkuntza normalizaziorako teknikaria
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Genekien, zekigun Kontuz aditzean agertu behar duten pertsona-markekin. Analogiaz, orainaldian erabiltzen diren pertsona-marka batzuk lehenaldian ere erabiltzen dira: dakigu / *zekigun, genekien–en ordez; genekigun, genekien–en ordez. Bestetan, aditz iragangaitzek aditz iragankorren pluraleko -TE marka hartzen dute hirugarren pertsonan: Doaz / *doazTE Dabiltza / *dabiltzaTE Azken horiek (azpi)euskalkian zuzenak izan daitezke baina euskara batuan ez. Adibide gehiago, hemen EHU |
Artikulua
Isiltasuna
Ohikoa da isiltasuna gauez. Hori da ordena naturala; argia itzaltzen denean esnatzen da isiltasuna egunero, eta argia piztean lokartu, gutxinaka. Gauaren erdian oihu bat entzuteak asaldatzen gaituen bezalaxe asaldatzen gaitu egun argitan isiltasun absolutua entzuteak.
Aurrekoan entzun nuen New Yorken, irailaren 11ko katastrofearen benetako magnitudea hurrengo egunean antzeman ahal izan zela, inoiz lorik egiten ez duen hiriak isiltasun absolutuan eman zuelako eguna.
Duela ez asko, kaleak hutsik egon ziren ordu luzez, eta orduak egun bilakatu ziren gero. Egunak bat egin zuen gauarekin, isiltasunaren baitan. Hustasun hark ez zuen soinu-bandarik, ez zuen ezer; mundua geratu egin zen, eta harekin batera kotxeak, eta umeak, eta motozerrak, eta ia-ia txoriak ere bai.
Isiltasunak askoz botere handiagoa du egunez, askoz azkarrago doa; azkar hausten ez baduzu, jan egin zaitzake. Gauez, ordea, ez du inongo botererik, eta beste herritar xume bat besterik ez da, hotsik ezaren erreinuko biztanle hutsa. Gauez, isiltasunaren baldintzapean, edozer egin daiteke, denbora ez doa inora; dena da zilegi.
Gaur, egunaren argia aprobetxatuz, egin nahi dut isiltasunaren aldarri, egun argian begiak itxi eta tunel batean sartu momentu batez; argiak lausotzen diren heinean tentsioak askatu eta lasai arnasa hartu, burua stand-by egoeran jarri eta isiltasunaz gozatu.
Maria Oses
Argazkia
Coventryko “alkate txirrindulariaren” ideia eserlekuak sortzeko kalean
Adam Tranter garraio eutsigarriaren aldeko aktibista bat da Coventry hirian, Ingalaterran. Bere auzoko kale batean, atsedenleku publikiorik ez zegoen lekuan, ibilgailuentzako gordetako toki batean eserleku bat jarri zuen, eta udalak kendu egin zion, ibilgailuentzako tokia zelakoan. Konponbidea asmatu zuen Tranterrek: ibilgailu batean jarri eserlekua.