Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Bi abizenen ipuina
(…) Lagun bati galdetu nion, aspaldi, ea zer zeritzon jadanik zabaltzen hasia zen joerari: amaren deitura beti ipintzeari, alegia. «Abizena ez jartzeagatik inork ez diezadala esan gure ama berak berea baino gutxiago maite dudanik», erantzun zidan, serio. Borondate oneko keinua da amaren deitura jartzea. Ez dugu ezer berririk asmatu, horratik. Txikitan agintzen zigutena egiten ari gara: «Amaren abizena ere jarri». Guk kasurik ez. Utzikeriagatik edo izango zen. Ez, ordea, ama gutxiesten genuelako.
Aurrera egin dugu, bai, baina… Izan ere, amak bigarren postuan segitzen du. Lehen ez omen zen existitu ere egiten. Egun, agertu egiten da, baina aitaren atzean beti. Bi abizenak. Zergatik ez idatzi lau, bi barik? Amamarena ahaztuko dugu? —azken batez, amaren abizena aititarena da—. Amama, ama mundu honetara ekarri zuena, baztertuko dugu? Nocilla —orain Nutella— eman eta ia dena onartzen zigun andre gozoa itzalean utziko dugu? Gupida gabe errieta egiten zion eta gizon jokatzeko esaten zigun aitona erretxinduaren abizena gailenduko zaio?(…)