Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Hobe, hobeto, hobeki
Hiztun askok HOBE eta HOBETO formak nahastu egiten dituzte. Gogoratu HOBE adjektiboa dela (nolako? Galderari erantzuten dio) eta HOBETO, ordea, adberbioa (nola? galderari erantzuten dio):
ON + AGO……….HOBE
ONDO + AGO……HOBETO
ONGI + AGO…….HOBEKI
Hona hemen zenbait adibide:
HOBETO da horrela HOBE da horrela
HOBETO da ez joatea HOBE da ez joatea
Hau HOBETO da Hau HOBEA da
Hobe egiten dut lan etxean HOBETO/HOBEKI egiten dut lan etxean
Normalean, egon aditzarekin hobeto erabiltzen da; izan aditzarekin, ordea, hobe erabili ohi da ia beti.
- Euskaltzaindiak euskara baturako ontzat eman ditu beste aldaera hauek ere: hobeago, hobekiago eta hobetoago. Honatx Euskaltzaindiaren Hiztegian nola datozen hitz hauen sarrerak:
– hobeago adj. Hobea. Bizitza hobeago baten itxaropena. Izana naiz hau baino hotel hobeagoetan. Hura baino hobeagorik deus ez dagoela jakinda.
– hobekiago adb. Hobeki. Ongi baino hobekiago nekien hori. Aspaldi egin zuen nik egin dezakedan baino hobekiago. Zorionez, uste izan den baino hobekiago doa.
– hobetoago adb. Hobeto, hobeki.
Euskara Batuaren Eskuliburua:
Hobe / hobeago
Gramatika batzuek hobeago forma ez-gramatikaltzat jo izan dute, pentsatuz on izenondoaren konparatibozko era hobe baino ez dela. Erabilera nagusia hori izanik ere, hobeago forma ere erabili izan da tradizioan, eta ez da baztertzekoa.
Zein zaldi da hobeago, geldirik dagoena ala ibiltzen dena?
Alargunaren semea baino bere urdea da hobeago (esr. zah.).
Aberats izatea baino ospe ona hobeago.
Besterik da hobe/hobeto formen arteko aldea. (→ hobe izan (*hobe esan))
Eta hobeago bezala, onago ere erabili izan da on izenondoaren konparatibozko era bezala. Hori ere, beraz, ez da baztertzekoa. Gizon onagorik ez dakit izango zen. [EH]
Euskara Batuaren Eskuliburua