Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Hizkuntza normalizaziorako teknikaria
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Egingo nuen
(Iragan-geroa aditzaldia)
Izenak adierazten duenez, iraganari buruzko aditz-forma da beti. Erabilera-modu hauek ditu:
Iraganeko ikuspegitik geroago gertatu behar zuena adierazteko:
Esan nizun neronek egingo nuela.
Iraganarekin lotutako nolabaiteko zalantza edo suposizioa adierazteko:
Etorriko zen honezkero Mikel.
Zuk agian ezagutuko zenuen nire anaia, ezta? (= Zuk agian ezagutu zenuen nire anaia, ezta?).
Iraganean baldintzapean eraturiko esaldiak osatzeko:
Jostailu bat eman behar izan genion haurrari, isilduko bazen.
Nekazaritzako ekoizpenak gora egingo bazuen, lurra ongarritu beharra zegoen.
Baldintzarik erabiltzen ez den baina haren arrastoa dagoen zenbait perpaus-mota osatzeko:
Beharbada berriro saiatu behar(ko) genuen [baina ez ginen berriro saiatu].
Oso gustura geratuko nintzen berarekin, baina ezin izan nuen.
Baldintzazko ezinezko ondorioa adierazteko (baldintzazko ondorio irreala, alegia). Bi moldeak daude ondo:
Garaiz esan (izan) bagenio, lehenago etorriko zen / etorriko zatekeen.
Abisatu (izan) balidate joango nintzen/nintzatekeen bilerara.
Testuinguru horretan, parekoak dira honako guztiok: zuen/zukeen, genizun/genizukeen, ginen/ginatekeen, etab.
Ez da zuzena gertakari hipotetikoak baina gerta litezkeenak aipatzeko.
*Gustura joango nintzen Kubara (> Gustura joango nintzateke Kubara).
*Oraintxe bertan txuleta eder bat jango nuen (> Oraintxe bertan txuleta eder bat jango nuke).
*Gonbidatuko banindute gustura joango nintzen bilerara (> Gonbidatuko banindute, gustura joango nintzateke bilerara).
Artikulua
Hilekoa Evaxen iragarkietan
Iraide Gulin abadiñoarrak “Posible al da hilekoaren odola erakustea espazio publikoan?” galderaren bueltan osatu du EHUko Soziologiako gradu amaierako ikerketa-lana.
Hilekoari dagozkion produktuak ekoizten dituen Evax enpresak hilekoaz ez beste hitz egiten du bere iragarkietan. Eredu bati jarraitzen dio, emakumea ahultzen duen nortasun femenino konkretu bat bultzatzen, hilekoa ezkutatzen eta gorputzak merkantilizatzen dituena.
Eufemismoak, argi azaldu ordez
Emakumeon gorputza publizitatean beti egon da hipersexualizatuta, baina hilekoa ez da sekula sexualitatearekin lotu: “Nazkarekin lotuta dagoen momentutik ezin da erotismoarekin lotu”, Gulinek dioenez. Azaldu digu hainbesteko estigma dagoela, mundu irreal bat sortzen duela honi buruzko publizitateak. Aztertu dituen iragarkietan, bakar batean ere ez da odola azaltzen eta ez da hilekoari buruz hitz egiten. Konpresa eta tanpoiak saltzeko eufemismoak erabili ohi dituzte, horri buruz zuzenean hitz egitea bekatua balitz bezala. Odola erakutsi dutenean, esaterako, urdin kolorekoa irudikatu dute, eta ez gorriaren indar eta sinbolismoarekin. Garbitasunaren iruditegia azaldu nahian margotzen dute urdinez; itsasoa, ura, zerua edo airea. Justu kolore beroenetik hotzenera egiten dute salto. Evaxen iragarkietan kolore gorria azaldu bada, odola ez den beste elementuetan azaldu da: soinekoa, zapatak, ezpainetakoa, pareta… Urteak pasa ahala hori ere desagertu egin da, kolore deigarri eta artifizialengatik trukatuz, are surrealistagoa eginez, berez, naturala den zerbait.
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe. Argia