Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Izen berezien deklinabidea
Euskaltzaindiak aspaldi arautu zuen izen berezien deklinabidea; zehazki arautu ere, gure atal honetakoa izan ezik. Baina arazoa zera da: zenbaitek ez duela inoiz ere kentzen izenaren bukaerako –a artikulua eta, beraz, ez duela deklinatzen izenaren erroa. Jokaera trakets horren ondorio dira honelako okerrak:
*Euskaraldiara, Euskaraldiatik, Euskaraldiako
Euskaraldira, Euskaralditik, Euskaraldiko
*Euskaltzaindiara, Euskaltzaindiatik, Euskaltzaindiako
Euskaltzaindira, Euskaltzainditik, Euskaltzaindiko
*Eusko Legebiltzarrara, Legebiltzarratik, Legebiltzarrako
Eusko Legebiltzarrera, Legebiltzarretik, Legebiltzarreko
*Oñatiko Unibertsitateara, Unibertsitateako
Oñatiko Unibertsitatera, Unibertsitatetik, Unibertsitateko
Ikusten denez, oker horixe bera egiten da udal eta antzeko zenbait izen arruntekin ere, eta bereziki urteko hilen eta asteko egunen izenekin:
*Gure udalara, udalatik, udalako
Gure udalera, udaletik, udaleko
*Iazko urtarrilako, otsailako eta martxoako soldatak
Iazko urtarrileko, otsaileko eta martxoko soldatak
*Aurtengo apirilan, maiatzan eta ekainan sartutako orduak
Aurtengo apirilean, maiatzean eta ekainean sartutako orduak
*Astelehenatik asteazkenara, astearteako eta ostegunako, ostiralatik
Astelehenetik asteazkenera, astearteko eta osteguneko, ostiraletik…
Bada, bestalde, izen arrunta eta izen berezia nahastetik sortutako okerrik ere:
Donostiako bulebarrean atzera eta aurrera dabil jendea.
Donostiako Café Boulevarden elkartu ginen. [Boulevard izeneko kafetegian]