Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Poesia
Komak koman
Pausa labur bat, beste bat, eta beste bat, irakurketan aurrera; pauso batetik bestera, arnasaldi oharkabeak. Komak dira. «Ate birakariak» deitu zien Julio Cortázarrek: perpausen korridoreetan barrena dabiltza ate bat zabaldu, atzean utzitakoa itxi. Idazkuntzaren elementurik apalena, apenas nabarmentzen da. «Jolasgura asegaitza» bizi dutela esaten du Joserra Garziak Egonean doazen geziak liburuan, zeren oso matxinsalto arinak eta bizkorrak baitira letren belazean. Bestalde, eta kontrapuntu osagarrian, «koma txiki baten ondorio handiak» aipatzen ditu Juan Garziak Joskera lantegi liburuan; zeren aldea baitago «zatozte umeak jatera» idaztetik «zatozte, umeak, jatera» idaztera; pauso laburra dago «allons enfants de la patrie» aberkoitik «allons, enfants, de la patrie» desertorera; bilaukeriatik normaltasunera bitarteko aldea dago Mandela hil zen egunean El Paísek argitaratu zuen titularretik (Muere, Mandela) laster asko aldatu zutenera (Muere Mandela).