abenduak 12 - bmi-mintzanet

Bost minutuko ikastaroa: Maitasuna / Irene Solà / Zaldieroa


Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pasartea

Maitasuna

Ezagutu ninduenean, adarzabal emea, katu emea eta, areago, Afrikako lehoi emea bezain polita nintzela esaten zidan Domenecek. Dantzara atera eta zera esaten zidan, ez niri kosk egin. Eta etxeratzeko unean olerkiak errezitatzen zizkidan belarri ertzean. Neu nintzen neskari buruz ziharduten olerkiak. Lili guztiez eta jelosiaz ziharduten olerkiak. Neure burua lore ireki baten antzera, bozkarioz eta jostakin, goratzen ikusten nuen aldaera eraikitzen zuten olerkiak. Eta zeinen ongi dantzatzen zen Domenec. Eta dantzan bezala, ezin hobekiago ukitzen zituen ukitu beharreko guztiak. Esku trebea zuen abereekin eta esku trebea pertsonekin.

 

Oso-osoa eskainiko nion neure burua, hala eskatu izan balit. Ezin izaten nuen gehiago batzuetan, eskuak belaunen artean horren luzaro eduki ondoan. Mingaina ahora barrenean horren luzaro gorde ondoan. Bihotzaren taupadak, beldur hura guztia, haren eskuen gogoa, horren bizi sentitu ondoan. Igandero-igandero atera ginen elkarrekin hiru urtean. Batean bai eta hurrenean ere bai.

 

Burua kaskamotz uzten zuen hiletan izan ezik. Urtean behin mozten zuen ilea. Era ageri-agerian gelditzen zitzaion orduan burezurra, kaskar osoa, baina sekula ez nuen nik horrela ikusi, elkarrekin atera ginen garaian. Motx uzten zituen ileak, arbolak kimatzen diren moduan, zioen berak, sendo sor zitezen. Indarberriturik. Adar berriak eta fruitu berriak emateko pronto. Oso ile ederren jabea baitzen Domenec. Urre koloreko ileak, gariaren eta kanaberen antzera. Eta beldur handi zen, galduko ote zituen. Eta orduan, ilea mozten zuenean, itxirik gelditzen zen han goian, Matavequesen, huraxe baita haren etxearen, gure etxearen izena. Bi hilabete inguru ematen zituen, inork ere ikus ez zezan, hileak hatz eta erdiko luzera berreskuratu arte.

 

Eta pinpirina halakoa esaten zidan izeba Carmek, pinpirina halakoa, baserritar pinpirin baten bila jo behar huen hik ere! Izeba Carmek Ripoll edo Viceko senarren bat nahi baitzuen enetzat, saltzaile bat, botikari bat edo enkargatu bat, aita bezalako bat. Baina itzuli egiten zen beti, Domenec. Berri eta txukun, eta lorez eta irribarrez, eta bakardadearen gaineko olerkiz brokaturik, eta barkatu egiten nion nik, beti. Ahantzi egiten nuen  nahigabe guztia, eta amorru guztia, eta botika batez irensten nituen behazun eta garraztasun guztiak, aurreko bi hilabeteak, beste neska baten gerritik loturik edo behi baten atzean erroizturik, itzuliko ez zela imajinatzen emanak banituen ere. Kraska egiteko zorian ziren beirazko begitxo distirantak paratzen nituen orduan, berari beha. Goitik behera errepasatzen nuen, osorik irentsi nahiko zuen katu eme bat, betea bezain dirdaitsua, banintz bezala, eta pleinuan zabaltzen nituen ezpainak eskua beherago eramateko, bere bularraren aurka irmoago estutzeko, eta beso sendo haiek nire plazerra eraginkorrago askatzeko erregutuz.

Arratsalde batean esan zuen, paseatzen ari ginela; hogeita bost urte nituen orduan eta erremolke baten antzera iraularazi zidan bihotza: “Nirekin ezkondu nahi ote hukeen pentsatu dinat”.

Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak

Irene Solà

You Might Also Like

One thought on “Bost minutuko ikastaroa: Maitasuna / Irene Solà / Zaldieroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude