Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
MENDERATU FALTSUAK (I) Hiru modu daude esaldiak elkarrekin lotzeko: 1. Puntuazio-zeinuak erabilita: Agindu bat da: bete egin beharko da. 2. Juntagailuak erabilita: eta, edo, baina, hortaz… Agindu bat da eta bete egin beharko da. 3. Menderagailuak erabilita: -(e)lako, ba-, -(e)nean… Agindu bat denez, bete egin beharko da. Loturak lotura, esan nahi dena berdina da; baina euskaraz maizago erabiltzen dira lehenengo biak. Gaztelania eta euskara hizkuntza ezberdinak dira tipologiari begira. Gaztelaniazko menderagailu batzuek funtzio bat baino gehiago dute, eta funtzio denak ez dira berdinak gaztelaniaz eta euskaraz, hau da, ez dago erabateko parekotasunik. Hara hemen funtzio bat baino gehiago dituzten erdal menderatu: -> MIENTRAS Mientras-ek bi ditu gaztelaniaz: bata denborazkoa eta bestea oposizioak adierazteko. Euskarazko bitartean erabilita, bakar-bakarrik denborazkoa adierazi ahal dugu: No cambiará de tactica mientras dure la legislatura. Legealdiak iraun bitartean, ez du taktika aldatuko. Yo no puedo coger tres dias seguidos, mientras que tú sí. *Zuk hiru egun jarraian har ditzakegun bitartean, nik ez. Nik ezin ditut hiru egun jarraian hartu, baina zuk bai.
-> CUANDO Gaztelaniaz denbora adierazteaz gain, baldintza ere adieraz dezake: ¡Como no va a conseguir el trabajo, cuando (si) esta la primera en la lista! *Nola ez du lanpostua lortuko, lehenengoa dagoenean! Nola ez du lanpostua lortuko, lehenengoa dago eta! Denborazko esanahia duenean ere kontuz; izan ere, gaztelaniaz ez da beti leku berean agertzen: Se mareó cuando estaba haciendo el examen. ??Konortea galdu zuen azterketa egiten ari zenean. Azterketa egiten ari zela, konortea galdu zuen. Azterketa egiten ari zen, eta konortea galdu zuen. |
Pasartea
Hasieran, hizkuntza bat baino ez zen. Objektuak, gauzak, sentimenduak, koloreak, ametsak, gutunak, liburuak, egunkariak, hizkuntza horretan ziren. Ezin nuen imajinatu beste hizkuntza bat izan zitekeenik, pertsonaren batek nik ulertzen ez nuen hitzen bat esan zezakeenik. Amaren sukaldean, aitaren eskolan, osaba Guézaren elizan, kaleetan, herriko etxeetan eta aitona-amonen hirian ere, mundu guztiak hizkuntza bera hitz egiten zuen, eta inoiz ez zen izan beste baten konturik. Esan ohi zen buhameek –herriaren aldirietan bizi baitziren- beste hizkuntza bat hitz egiten zutela, baina nik uste nuen hura ez zela benetako hizkuntza bat, asmatutako hizkuntza bat baizik, beren artean erabiltzeko soilik, nire neba Yanok eta biok hitz egiten genuenaren tankerakoa, neba txikiak, Tilak, gure arteko jarduna uler ez zezan. Eta uste nuen buhameek hori egiten zutela markatutako edontziak zituztelako herriko tabernan berentzako bakarrik edontziak, inork ez baitzuen edan nahi buhame batek edan duen edontzi batetik. Esan ohi zen, gainera, buhameek umeak lapurtzen zituztela. Egia da gauza ugari lapurtzen zutela, baina haien etxe buztinezkoen aurretik igarotzen ginenean eta ikusten genuenean zenbait ume aritzen zen jolasean txabola haien inguruan, geure buruari galdetzen genion zergatik lapurtu behar zuten gehiago. Bestalde, buhameak herrira etortzen zirenean lurrontziak saltzera, edo saski seskaz ehoak, “normal” hitz egiten zuten, gure hizkuntza berbera (…).
|